"Vagera Herri bat" ikuskizunaren balorazio positiboa egin du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2019ko mai. 8a, 15:06
Argazkia: Karlis Medrano.

Bi egunetan 1.000 pertsonatik gora hurbildu dira "Vagera Herri bat" ikuskizuna ikustera. Migel Zeberio, Vagera herri bat ekitaldiko eta Et Incarnatus Orkestrako zuzendaria, ere pozik agertu da egin duten lanarekin.

Eguerdian "Vagera Herri bat" ikuskizunaren balorazioa egin dute Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak eta Migel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako zuzendariak. Maite Izagirrek adierazi duenez, "bi kontzertuetan 1.000 ikusletik gora batu ziren kiroldegian eta Amasa-Villabonako kultur ekitaldi batentzako datu garrantzitsua da. Euskal Herri osotik bertaratutako jende ugari izan zen eta horrela ikuskizunak oihartzun nabarmena lortu du". Bertaratu zirenek egindako balorazioa positiboa izan dela gehitu du alkateak.

Bigarrenik, ikuskizunaren izaera solidarioari egin dio aipamena. "Alkate moduan izugarri pozten nau ekonomikoki lagundu eta ikusgarritasuna eman izana Gautena erakundeari, Europa mailan autismoa duten pertsonen arretan erreferentea denari". Hirugarrenik, herriko nahiz kanpoko artisten ekarpen artistikoak ere nabarmendu nahi izan ditu Izagirrek: "Ikuskizunak Amasa-Villabonako sinboloak indartzeko balio izan du. Jose Antonio San Miguel konpositorearen musika konponketa ausartek eta Juan Kruz Igerabide idazleak eginiko euskarazko letrek Villabonako ereserkia berritu dute". Horri loturik, aurtengo Santio Jaietan eta Samartiñetan ereserkia entzun dadin nahi du alkateak herritar guztientzako " ezaguna" izan dadin.

Azkenik, ikuskizunean Amasa-Villabonako kultur ordezkari talde handia batu dela lehenengo aldiz azpimarratu nahi izan du alkateak talde guztien izenak aipatuz: Eresargi abesbatza, Eresargi Txiki abesbatza, Oihana Iguaran eta Amaia Agirre bertsolariak, buruhandiak eta erraldoien konpartsako "Besamotza" taldea, Xabier Berasaluze "Leturia, Astiazaran trikitilariak, Lain musika taldeko Leire Leturia eta Kristina Aranzabe eta Oinkari Dantza Taldea.

Migel Zeberiok gidatu eta zuzendu du "Vagera Herri bat ikuskizuna". Zeberiok dio Euskal Herrian ez dela sekulan egin mota horretako ikuskizunik. Lan eta inplikazio handia eskatu duela ikuskizunak esan du, publikoaren erantzunean lanaren eskerra jaso dela adieraziz. Bestetik, kulturari garrantzi gehiago eman behar zaionaren mezua zabaldu nahi izan du: "

Kultura da garatu eta zabaldu behar dugun ondarerik garrantzitsuena gure gizartean duintasunez aurrera egiteko. Argi dut kultura dela herria aurrera eramango duen ondare nagusia".

Amasa-Villabona erreferente albiste kulturaletan
Amasa-Villabonako alkateak ez du esan gabe utzi nahi izan "Vagera Herri bat" ikuskizunak medioetan izan duen eragina "Eitb taldean, Ser katean, Noticias de Gipuzkoan, Onda Vascan, Xorroxin irratian eta El Diario Vasco egunkarian". Medio horiek egindako hedatze lanari erreferentzia eginez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua den Bingen Zupiria eta Etxepare Institutuko zuzendaria den Irene Larraza bertaratu zirela maiatzaren 4ko ikuskizunera adierazi du. "Legealdi honetan horrenbesteko esfortzuaren bitartez instituzioen arteko kolaborazioa sustatu dugunez, Eusko Jaurlaritzako maila horretako bi ordezkariren agerpenak guztiz indartzen du azken lau urteetan egin dugun apustua".

Laguntza ekonomikoa
Amasa eta Villabonaren historia kontatzen duen ikuskizuna posible egiteko laguntza ekonomikoa hiru tokitatik etorri dela gogoratu du Izagirrek. "AV400 partidan 20119ko udal aurrekontuetatik jasotakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako diru-laguntza, eta nola ez, musikari desberdinak eskainitako laguntza". Azpimarra ere egin nahi izan du musutruk lan egin duten herritarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!