Block eta Topa dantza ikuskizunak Txistulari plazan

Aiurri 2019ko mai. 10a, 13:24

Datorren igandean, maiatzak 12, Euskadiko Dantza Zirkuituaren baitan, bi dantza pieza eskainiko dira Villabonako Txistulari plazan, 13:00etan. Kalitate handiko lanak direla eta bertaratzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Doako ikuskizunak izango dira biak.

Batetik, Amaia Elizaran dantzari tolosarraren konpainiak, 'Block' izeneko ordu laurdeneko emanaldia eskainiko du. Gorputz hizkuntza indartsuaren bidez, bi emakumeren bizitzak ekarriko ditu eszenara, besteak beste, egoera latzen aurrean, bizitzak berak zentzua galtzen duenean, arazoei aurre egitea ezinbestekoa dela azalduz.
Bestetik, Errenteriako Kukai konpainiak, Bartzelonako Brodas Bros konpainiarekin batera ekoitzitako 'Topa Work in Progress' ikuskizuna eskainiko dute. 40 minutuko saioa izango da eta kalea eszenatoki bilakatuko dute, ikusleen laguntzarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!