Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak

Aiurri 2019ko mai. 13a, 10:14
Jardunaldietako parte hartzaileak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideak. Iturria: XDZ.

Joan zen ostiralean Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak burutu ziren Amasa-Villabonako Subijana etxean. Bilaketa bakarra eginda, hainbat datu basetako emaitzak erakusten dituzten bilatzaile zenbaiten esperientziak partekatu zituzten.

Dokumentazio alorrean, liburutegietan, informatika garapenaren esparruan eta euskal kultur sorkuntzan eta kudeaketan ari diren hainbat lagun elkartu zituzten ostiralean Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek. Bilaketa bakarra erabiltzaileentzat: datu guztiak klik batean izenpean, lau hitzaldi izan ziren entzungai: bilaketa bakar batekin hainbat datu basetako emaitzak lotzen eta erakusten dituzten bilatzaileak ezagutu ziren, hiru egitasmoren bidez, eta bilatzaile horien funtzionamendua ikuspegi teknikotik ere eskainiz.

Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Mintzola Ahozko Lantegiko zuzendaritzako kideak eta Oihana Aranburu Xenpelar Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak eskaini zuten atarikoa: proiektu soziokulturalean dokumentazio zentroak duen garrantzia azpimarratu zen, ondarea babesteko, biltzeko eta herritarren eskura jartzeko egitekoan ezinbestekoa baita; eta, herritarrei ondare horren bilaketa errazteko asmoz emandako pausoak ere azaldu ziren.

Liburubila egitasmoa aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendariak, Mikel Aizpuruk, eta erakundeko Liburutegi Zerbitzuko arduradunak, Francisca Pulgarrek; irakurleei liburutegietako mailegutza informazioa erraztea du helburu, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eLiburutegia eta Liburuklik atarietako emaitzak erakusten ditu. Kudeatzen duen ondare artistikoari loturiko edukiak herritarrei eskaintzeko, Artium museoak diseinatutako zerbitzua aurkeztu zuen Elena Roserasek, museoko liburutegi arduradunak. Marie-Andrée Ouretek, Baionako Mediatekako Euskal Funtsen Proiektuko arduradunak, 2015ean sortutako Bilketa.eus egitasmoa azaldu zuen: 20 liburutegitako datu baseetatik elikatzen da biltegi lana egiten duen gordailua, eta garai bateko euskarazko dokumentuak topa daitezke bertan.

Esperientzia horiek entzunda, garapen teknikoa izan zuen mintzagai Aitor Maritxalarrek, dokumentazioan espezializatutako informatika garatzaileak. Solr bilaketa bateratutako motorearen ezaugarriak azaldu zituen, baina baita atari batek bilatzaile bat garatzerakoan aintzat hartu behar dituenak ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!