Panel historikoak ipintzearekin amaituko dira Errebote plazako lanak

Aiurri 2019ko mai. 22a, 10:36

Udaleko arkupean zein pilotaleku alboko horma batean Errebotearen inguruko pertsonaia entzutetsuen ibilbideari buruzko panel historikoak ipiniz, Errebote Plazako birmoldaketa lanekin amaituko dela jakinarazi dute Amasa-Villabonako Udaleko kideek. "Udalerriko garrantziazko gune sinboliko honen fisionomia nabarmenki hobetu duten lanek hilabete batzuk iraun dute eta gaur egun, itxura berritua du egunez zein gauez".

Bihar osteguna, maiatzak 23, 12:00etan bisita gidatua izango da proiektuaren erredaktore taldeko kide Dani Carballo arkitekto eta pilota alorreko ikertzailearen eskutik. "Proiektu honek Errebote jokoaren ondarea balioan jartzeaz gain, testuinguru historikoaren inguruko paneletan agertzen diren hainbat pertsonaia desberdinen inguruko ibilbidea azalduko du Dani Carballok", azaldu dute Udaletik.

Udalak amasa-billabonatar guztiak animatzen ditu ongietorri ekimen honetan parte hartzera "plaza guztiona baita".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!