Errebotearen inguruko herritar ezagunen irudiak jarri dituzte udaletxeko arkupeetan

Ainhoa Arozena 2019ko mai. 23a, 14:27

Errebotearekin lotura estua izan zuten herriko pertsonaia entzutetsuen ibilbideari buruzko panel historikoak jarri dituzte udaletxeko arkupeetan. Lan hori eginda, Udaleko kideek amaitutzat eman dituzte azken hilabeteotako plazako birmoldaketa lanak. Plazaren proiektu berria egiteaz arduratu den Dani Carballo arkitektoak eta pilota jokoan aditua denak, hainbat azalpen eman du gaur eguerdian, irudi horiek oinarrian hartuta.

Karlos Etxenike pilotariaren eta Blas Garmendia xaxariaren nahiz Juanito Garmendia ‘Tximela’ puntu kontalariaren familiako kideei oroigarri eta lore-sorta bana banatu diete eguerdian, Maite Izagirre alkateak eta Maria Luisa Arija PSE-EEko zinegotziak. Alkateak, herritar guztiona den Erreboteko plazaren itxura paregabea ikusteko zorioneko eguna iritsi dela adierazi du, “proiektu hau burutu genuenean garbi izan genuen, hasiera-hasieratik, helburu zehatz eta garrantzitsu batzuk errespetatu behar zirela. Lehenik, lehen eta orain bezala, diziplina anitzeko gunea izan behar zuela. Horrelaxe adierazi genien alderdi politiko eta gizarte eragileei”. Bestalde, Amasa-Villabona herriari hainbeste ospe eta garaipen eman dion errebote pilota jokoa balorean jarri nahi zutela ere esan du. “Bi helburu nagusi horiek bete dira eta hori gutxi balitz, herritarren ekarpenak proiektua gorpuztu eta sendotu egin dute. Behar Zana elkartea ere bidelagun izan dugu eta bere ordezkariei nire esker ona adierazi nahi diet”, azaldu du.

Dani Carballok, bestalde, erreboteko plazen ikerketa lana egin duen Jon Txabarriri eta Villabonako pilota giroa ezagutzen lagundu dion Joxe Mendiluzeri aipamen berezia egitearekin batera, oroigarria eman die.

Villabonako plaza eraberritzean, pilota jokoari lehentasuna eman zaiola nabarmendu du arkitektoak. Errebote jarduna mantentzeko saiakera egin dutela esan du, eta Pedro Yarzaren eskolako argazkian ikusten den adina gazte ikusi nahiko luketela berriz ere errebotean jolasten. Era berean, plaza berrituak, orain artean bertan gauzatu diren bestelako jarduerak gauzatzen jarraitzeko aukera eskainiko duela adierazi du.

Arkupeetan jarritako Pedro Yarza, Karlos Etxenike, Blas Garmendia, Juanito Garmendia edota Teodoro Hernandorenaren irudi edota panelekin batera, urtetan frontoiaren albo batean egon den botarri zaharra erdigunera ekarri dute, arkupeen magalera. Haietako bakoitza mintzagai hartu du Dani Carballok, bakoitzaren bidea eta errebotearen historian izan zuten itzal luzeari aipamena eginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!