Lau buruhandi berri estreinatuko dira Santio Jaietan

Aiurri 2019ko mai. 24a, 12:04

Oilaskoa, zezena, Martina sorgina eta pilota dira buruhandien irudi berriak. Herritarrek boto bitartez aukeratutako pertsonaiak izan dira.

Azken ukitu batzuk baino ez dira falta lau buruhandiak erabat amaitzeko. Hermanos Garate enpresa iruindarraren lana izan da, eta aurreko buruhandi nahiz erraldoiak ere enpresa berak egin zituen.

Amasa-Villabonako Udaletik adierazi dutenez, "Amasa zein Villabonako ondare sinbolikoa islatzen dute buruhandiek". Amasan ospatu ohi zen oilasko jokuari erreferentzia eginez sortu da oilasko itxurako buruhandia; eta Martina sorgina ere Amasari loturik sortu da. Beste biek, Villabonari egiten diote erreferentzia. Batetik, zezena, sokamuturrari keinu eginez, eta bestetik, pilota, kirol modalitate horren antzinakotasunari erreferentzia eginez.

Lau pertsonaia horiek Villabonako Santio Jaietan aurkeztuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!