Zubimusu Ikastolak gurasoak bazkaltzera gonbidatu ditu jangela ezagut dezaten

Aiurri 2019ko mai. 31a, 12:17

Zubimusu Ikastolak gurasoak eskolako jangela ezagut dezaten, bertara bazkaltzera gonbidatu ditu, jangela erakusteko modurik onena eta politena delakoan. Atzo eta gaur, umeek aita-amekin partekatu dute eguerdiko tartea eta oraindik animatu ez denak, badu oraindik aukera datorren astean.

Aukera aprobetxatu duten gurasoak pozik agertu dira. “Oso ideia ona da, gurasoak gonbidatzea, zeren askotan ezin zara fidatu umeak kontatutakoarekin. Ez dakizu arrazioak zenbatekoak diren eta horrela beste gauza asko”, diote.

“Modu honetara, umeek jatordu garaia nola  bizi duten ikusi dute gurasoek, gure 2ZIA proiektu pedagogikoan erabat txertatuta dugun jangela gertutik ezagutuz, eta haurrekin batera, esperientzia berri baten lekuko eta protagonista bihurtuz”, dio ikastolako gerente Nerea Zumeagak.

Ikastolak Mahi-Mahi jangela berritzailearekin duen helburua da “haurrek modu osasuntsuan jateaz gain, esperientzia dibertigarria eta hezigarria bizitzea bazkaltzerakoan” eta bazkal ondoren, “talde-lana, elkartasuna edota erantzukizuna bezalako balioak lantzea”.

Helburua betetzeko, hainbat ekintza antolatu ohi dituzte eguerditan, ikasgelan edo jangelan bertan jorratzen dituzten gaiei lotuta. “Adibidez, Halloween datorrela, ba umeekin heriotzaren gaia lantzeko aprobetxatzen da. Genero estereotipoak aztertu ditugula, ba Maider Unda kirolari ohia gonbidatzen dugu bere esperientzia partekatzera. Nutrizioa jorratu nahi dugula, ba gaztaren ekoizpen prozesua ikusten dugu eta esnekian aztertu… Ekintza osagarriak, dibertigarriak eta hezitzaileak dira”, gaineratu du Zumeagak.

Gaur hori guztia modu sakonean azaldu zaie gurasoei. Izan ere, jangelaren antolakuntza ere umeak ardurak har ditzan diseinatuta dago. Bakoitzak txandatzen joaten diren rol bat hartzen du. Egun batean mahaia jartzea tokatuko zaio, beste batean janaria zerbitzatzea, hurrena mahaia jasotzea, e.a. Rolak, jangelaren filosofia eta bertako txoko ezberdinak ezagutu dituzte aitek eta amek, bazkari goxoa dastatzen zuten bitartean. Gaur pasta entsalada, oilasko takoak eta fruta irabiatua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!