EAJk herrian agertu diren pintadak salatu ditu

Aiurri 2019ko eka. 19a, 10:15

Amasa-Villabonako EAJk astelehenenetik asteartera herrian zehar agertu ziren pintadak irmoki salatu eta ondorengo idatzia eta argazkiak igorri ditu.

Amasa-Villabonako EAJk astelehenenetik asteartera herri guztian zehar agertu diren pintadak irmoki salatzen ditu. Idazterako garaian erabilitako modua eta gaia “betikoek” erabiltzen duten berbera da, urte luzeetan orain udal agintean dauden bakar batzuen laguntza osoa jaso duten “betikoena”.

EAJko Udal Batzordeak pintada horiek segituan kentzea exijitzen dio alkate berriari eta gaurtik aurrera, udal gardentasunaren harira, “ganberrismo politiko” hau herriari kostatzen zaiona zenbatekoa den azaltzeko eskatzen dio.

EAJentzat, hauteskunde garaian erakutsitako “aurpegi jatorrek”, “benetako aurpegia” azaltzera eraman dute segituan: denena dena eta hainbeste esfortzurekin eraikitzea kostatu dena erabat hondatzen ari direla alegia. Beatriz Unzue aukeratu izan denetik bi egun besterik ez dira igaro, eta hasi dira betikoak berriz bide ankerra erabiltzen.

Horregatik, EAJk alkateak eta ezker abertzaleak desiratzen duten herri “distiratsu eta pozgarria” hau ote den jakin nahiko luke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!