Suaren inguruan dantzan eta kantuan

Ainhoa Arozena 2019ko eka. 24a, 10:18

Urtero legez, San Juan suaren inguruan dantzan aritu ziren Oinargi eta Oinkari dantza taldeko dantzari gazteak eta kantuan Eresargi abesbatzako kideak, trikitilariekin batera, Errebote plazan. Berrikuntza, Oinkariko helduen taldeak ekarri zuen; soineko beltzez jantzita, Urdiaingo San Juan bezperako antzinako ohitura plazaratu baitzuten lehenengoz.

Herritar asko bildu zen plazan, suaren beroan. Dantza eta kantu emanaldiaren ondoren, pixkanaka apalduz joan ziren sugarrak eta haurren gozameneko unea iritsi zen orduan, udaltzainek sua itzaltzeko ura bota zutenean. Santiago egoitzako kideek udaletxeko balkoitik jarraitu zuten festa, eurentzat izan zen leku preziatua; zahar-etxeetako lan baldintzak duintzeko eskatuz, burutzen ari diren grebaren baitan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!