Udal berriko lehen erabakiak hartu dira, lehen Osoko Bilkuran

Aiurri 2019ko eka. 28a, 09:00

Joan zen asteazkenean, ekainaren 26an, Osoko Bilkura berezia bildu zen udaletxeko pleno aretoan. Bilkura berezia izan zen, legealdiko lehen bilkura izanik, Udaleko funtzionamenduari eta Udal organoen eraketari buruzko hainbat gai eztabaidatu eta erabaki baitzen.

Batetik Udalbatzaren Osoko Bilkuren maiztasuna erabaki zuten. Hilean behin egingo dira Osoko Bilkurak, hilabeteko azken asteartetan, arratsaldeko 19:30etan. Egun hori lan eguna ez balitz, aurreko asteko asteartera pasatuko litzateke, ordu berean.

Salbuespenak: Uztailaren 23an (uztailaren 30ean Santio jaiak direlako) eta abenduaren 17a (abenduak 24 eta 31 ez direlako bilkura egiteko egun egoki gisa ikusten).

Proposamena aho batez onartua izan zen: 13 aldeko bozka.

Batzorde iraunkorrak

Batzorde iraunkorrak ere osatu ziren, bakoitzaren batzordeburuak nahiz batzordekideak zehaztuz:

Hirigintza, Zerbitzuak eta Ingurumena:

Batzordeburua: Xabat Laborde (EH BILDU).

Batzordekideak: Ander Goikoetxea  (EH BILDU), Beatriz Unzue (EH BILDU), Patxi Agirre (EAJ-PNV), Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

Ogasuna, Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza:

Batzordeburua: Beatriz Unzue (EH BILDU).

Batzordekideak: Xabat Laborde (EH BILDU), Arantza Lopez (EH BILDU), Maite Izagirre (EAJ PNV), Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

Pertsonala eta barne araubidea:

Batzordeburua: Beatriz Unzue (EH BILDU).

Batzordekideak: Xabat Laborde (EH BILDU), Arantza Lopez (EH BILDU), Maite Izagirre, (EAJ PNV), Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

Ahotsarekin baina botorik gabe: langileen ordezkariak.

Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola:

Batzordeburua: Gorka Kamio (EH BILDU).

Batzordekideak: Garazi Bengoetxea (EH BILDU), Amagoia Agirre (EH BILDU), Juan Manuel Izagirre (EAJ-PNV), Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA)

Gizarte politika, Aniztasuna, Adineko pertsonak eta Politika feminista:

Batzordeburua: Arantza Lopez (EH BILDU).

Batzordekideak: Beatriz Unzue (EH BILDU), Xabat Laborde (EH BILDU), Amaia Irazusta (EAJ-PNV) Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezia

Batzordeburua: Beatriz Unzue (EH BILDU).

Batzordekideak: Xabat Laborde (EH BILDU), Gorka Kamio (EH BILDU), Maite Izagirre (EAJ PNV), Mª Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

Memoria eta Elkarbizitza Batzorde Berezia:

Batzordeburua: Xabat Laborde (EH BILDU).

Kide titularrak: Beatriz Unzue (EH BILDU), Arantza Lopez (EH BILDU), Patxi Agirre (EAJ-PNV), Maria Luisa Arija (UDAL TALDE SOZIALISTA).

 

Era berean, alkateordeak nahiz Tokiko Gobernu Batzordeko kideak izendatu ziren:

  • Alkateordeen izendapena: Lehen alkateordea Xabat Laborde (EH Bildu) eta bigarren alkateordea Arantza Lopez (EH Bildu).
  • Tokiko Gobernu Batzarreko kideak: Beatriz Unzue (Alkatea eta batzarreko lehendakaria), Xabat Laborde (EH Bildu), Arantza Lopez (EH Bildu), Patxi Agirre (EAJ-PNV) eta Maria Luisa Arija (PSE-EE).

 

Ordezkari politikoen liberazioen dedikazio eta ordainsarien nahiz udalbatzako talde politikoei bideratuko zaien diru kopurua eta laguntza ekonomikoa honakoa izango da, Udal organoetan parte hartzeagatik:

Ordezkari politikoen liberazioen dedikazioak eta ordainsariak:

  • Alkatearen soldata: Beatriz Unzue Esnaola alkateak urtean 37.900 euro gordin jasoko ditu. EH Bilduk jaitsiera egingo zuela iragarri zuen kanpainan eta hala egin du, aurreko alkate Maite Izagirreren soldata %28 jaitsiz.
  • Xabat Laborde lehen alkateordeak urtean 31.911 euro gordin jasoko ditu. 
  • Aurreko legealdiarekin alderatuta, ordezkarien soldatei dagokionez, Udalak urtean 14.100 euro aurreztuko dituela iragarri zuten.
  • Oposizioko liberatua:Maite Izagirrek (EAJ-PNV), %60,5eko lanaldia izango du, urtean 17.375,54 euro gordineko soldatarekin. Kopuru hau, 2016ko Udal Legeak eta EUDEL-ek ezarritako irizpideak kontuan hartuta kalkulatu dela eta Udaleko ekonomia sailak egindako txostenean oinarrituta, jakinarazi zuten.

 

Udalbatzako talde politikoei bideratuko zaien diru kopurua:

Talde politikoei bideratuko zaien dirua: Hilean 226 euroko finkoa eta zinegotzi bakoitzeko 71 euro gehiago. Aurreko legealdiko kopuruekin alderatuta, erabaki honek %28ko jaitsiera izan du.

Udaleko organoetan parte hartzeagatik jasoko diren ordainsariak (dietak):

Dieta hauetan ere %28ko jaitsiera aplikatu du Udal gobernu berriak.

Gai hori zela eta, eztabaida piztu zen oposizioa eta Udal gobernuaren artean.

Maria Luisa Arija PSEko zinegotziak hitza hartu zuen eta neurri “elitista eta frankista” gisa definitu zuen ordezkari politikoen ordainsarien jaitsiera, eta gaineratu zuen Udalera etortzeagatik horrelako kopuru txikiak jasota, pobreak diren pertsonak ezingo dutela zinegotzi izan. Arijak zinegotzien lana “prekarizatzea” leporatu zion Udal gobernuari.

Ondoren, EAJ-PNVko Patxi Agirre zinegotziak hartu zuen hitza eta “zinegotziek bere duintasuna behar dutela” aldarrikatu zuen. 

Oposizioaren erreakzioaren ondoren, Udal gobernutik jarrera hori kritikatu egin zen: "badirudi diruagatik etortzen zaretela Udaleko bilkuretara... Entzundakoak entzunda, ez dakigu zergatik ez duzuen proposamenaren kontra bozkatzen, agian herritarren aurrean azalpenak eman beharko dituzuelako?".

Eztabaidaren ondoren bozketa egin zen eta oposizioko EAJ-PNV eta PSE-EEk abstentzioa bozkatu zutenez, proposamena onartu egin zen aldeko 7 bozka eta 6 abstentziorekin.

 

Azkenik, Udalaz gaindiko organoetako Udal ordezkariak ere izendatu ziren:

Udal gobernu taldearen proposamena:

  • Beatriz Unzue (alkatea): Tolosaldea Garatzen SA., Tolosaldeko Mankomunitatea, Apattarrekako Industrigunea SL.
  •  Ander Goikoetxea Arana (EH Bildu): Tolomendi Mendi Nekazaritza elkartea.
  •  Amagoia Agirre (EH Bildu): Loatzo Musika Eskola Mankomunitatea, Haurreskolak partzuergoa.
  •  Xabat Laborde (EH Bildu): Mintzola fundazioa, Gipuzkoako Urak.

Aldeko 12 bozkarekin onartu zen proposamena (EH Bildu eta EAJ-PNV) eta abstentzio bakarrarekin (PSE-EE).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!