Amasa-Villabonako udal gobernuaren oharra

Ainhoa Gil 2019ko uzt. 10a, 17:36

Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak oharra igorri du, atzo EAJ-PNV taldeak bidalitakoari erantzuna emateko:

Pasa den asteartean, uztailaren 9an, eskualdeko komunikabideetan argitaratu zen EAJ-PNV alderdiaren oharra dela medio, Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak honakoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin, EAJ-PNV alderdiak argitaratutako oharrean datu faltsuak daudela salatu beharrean aurkitzen gara. Zehazki hau dio EAJ-PNV alderdiaren oharrak: "Talde jeltzalearen eskaera Alkatetzatik zabaldu den bandoari dagokio, non Beatriz Unzuek euskarazko testua tamaina handiagoan eta nabarmenduta joan behar dela azaltzen duen araua ez baitu bete." Baieztapen hau ez da egia, udal gobernuak uztailaren 5ean argitaratutako bandoan euskarazko testuaren letra tamaina erdarazkoa baino handiagoa zelako, eta nabarmendua (negritan eta zutabe zabalagoan) zegoelako.

 Euskararen erabilerari dagokion udal araudia ez errespetatzearen akusazioa frogatzeko, udal gobernuak txosten bat egitea enkargatu dio udaleko euskara teknikariari. Txosten horretan, Maite Izagirre alkate ohiak sinatuta argitaratu zen azken bandoa eta Beatriz Unzue egungo alkateak sinatutako lehena (EAJ-PNVk araudia urratzen duela salatu duena) aztertzea eskatu zaio euskara teknikariari.

 Euskara Teknikariak egindako txostenak honakoa dio hitzez hitz:

 

EUSKARA TEKNIKARIAREN TXOSTENA

 Alkatetzak 2019ko uztailaren 9an eskatuta egindako txostena.

GAIA: Maite Izagirre Irazustabarrena aurreko alkatearen agindupean jarritako azken bandoak, eta Beatriz Unzue Esnaola alkatearen agindupean jarritako lehen bandoak, Euskara Planean jasotako irizpideak betetzen ote dituzten aztertzea.

TXOSTENERAKO OINARRIA: 2018ko azaroaren 26ko Osoko Bilkuran, ahobatez, onartutako VI. Plangintzaldiari dagokion Euskara Plana (2018-2022).

Plan horretako 2. 1. Puntuan, zerbitzua emateko orduan herritarrekiko harreman idatzia nola izango den zehazten du. Puntu horretan, zehazki, bandoei dagokienez, honako hau dio hitzez hitz:

“Bandoak ele bietan egingo dira, baina, beti, euskarari lehentasuna emanez (bi puntuko aldea letra tamainan eta negritan. Izenburua jartzerakoan, ez da bi hizkuntzetan jarriko, euskara hutsez jarriko da erdian: BANDOA.”

Puntu honek dioena oinarritzat hartuz, aurrez aipatutako bi bando horiek Euskara Planean jasotako irizpideak betetzen ote dituzten aztertu dut.

AZTERKETAREN EMAITZA:

A. Maite Izagirre Irazustabarrenak bere agintaldian sinatutako azken bandoa, 2019ko ekainaren 10ean, Legarretako zubiaren itxierari buruzkoa.

1. Bandoa ele bietan dago. Betetzen du Planak dioen irizpidea.

2. Bandoaren izenburuan ez zaio euskarari lehentasuna ematen, bi testuak Century Gothic 17, negritan daude. Beraz, trataera bera dutenez, ez du betetzen Planak dioena.

3. Bandoaren testuari dagokionez, euskarari lehentasuna ematen dio (letra tamaina handiagoa da eta negritan dago). Hala ere, testua word formatoan aztertuta, euskarazko testua puntu bat handiagoa dela ikusten da (euskarazkoak arial 11 eta erdarazkoak arial 10), eta ez bi puntukoa Euskara planak dioen bezala. Beraz, lehentasuna ematen zaion arren, ez du Planak jasotzen duen irizpidea bere osotasunean betetzen.

4. BANDOA izenburua jartzerakoan, bi hizkuntzetan jarrita dago eta Euskara Planak dio euskara hutsez jarriko dela erdian: BANDOA. Beraz, puntu honetan ez da betetzen Euskara Planak jasotzen duen irizpidea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!