Txakolinak on egin

Aiurri 2019ko ira. 11a, 10:39
Amasako gazteak, orain bi urteko Txakolin egunean lanean.

Datorren larunbatean, irailak 14, arratsaldeko 17:45ean hasita, Getariako izendapeneko txakolin guztiak  dastatzeko aukera izango da Amasan, Uxo-toki elkarteak antolatuta.

Festa, ordea, lehenago hasiko da. Arratsaldeko 16:30ean Amasa eta Zizurkilgo taldeen arteko herri kirol desafioa jokatuko da. Bestelako frogen artean, Amasa-Villabona eta Zizurkil herrietako alkateak, Beatriz Unzue eta Iker Urruzola, harriari tiraka ibiliko dira, bakoitza bere herriko taldearekin. Ondoren, Irene Caminos, munduko trialeko txapeldunak erakustaldia eskainiko du.

Esan bezala, 17:45ean emango zaio hasiera Getariako izendapeneko txakolinen dastaketari. Txakolina dastatzeko edalontzia eta bi pintxo 5 euroren truke salduko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!