Iraitz Arrospidek omenaldi beroa jaso du jaioterrian

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 13a, 22:17

Iraitz Arrospide Garrok omenaldi beroa jaso du gaur arratsaldean Villabonako Errebote plazan, joan zen irailaren 1ean, Errumanian, 50 kilometroko lasterketan munduko txapeldun geratu ostean. Esker ona, umiltasuna eta irribarre zabala erakutsi ditu bere marka onenen aurretik eta txalo zaparrada beroa jaso du behin baino gehiagotan herritarren aldetik.

12 urtetik beherako haurren lasterketarekin ekin zaio arratsaldeko jaialdiari. Haur askok hartu du parte Errebote plaza abiapuntu eta helmuga izan duen lasterketan. Haurrak urduri eta pozarren agertu dira, 50 kilometroko munduko txapeldunaren atzetik korrika egiteko ohorearen aurrean. Behin guztiak Errebote plazara iritsita, parte-hartzaileen artean Iraitz Arrospidek berak sinatutako hiru bisera eta hiru kamiseta zozketatu dira. 

Gorka Kamio Amasa-Villabonako Udaleko zinegotziak aurkeztu du omenaldi-ekitaldia. Oihana Iguaran bertsolariak bi bertso hunkigarri abestu dizkio, jaioterria beti gogoan izatea nahiz bere lorpenak goraipatuz eta bere pausoak jarraituko ditugula esanez. Oinargi dantza taldeko lau dantzarik aurreskua dantzatu diote eta, besteak beste, Udal ordezkariek, Zunbeltz nahiz Urkamendi elkarteetako kideek edota  Aritz Garin, Leire Lizarralde eta Ander Etxeberria korrikalariek hartu dute parte ekitaldian. 

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak ere munduan barrena beti Amasa-Villabona berekin eramatea eskertu dio eta munduko txapelduna herrian eduki arren, herriko beste kirolariak ere gogoan izan ditu, beraien ibilbide eta lorpenengatik omenduak izan beharko luketenak. "Herri txikia gara, baina bizitasun handikoa. Gauza txikietatik hasi eta iristen dira lorpen handiak. Ziur nago zure ibilbidea ez dela erraza izango, Iraitz: Lana, familia, entrenamenduko ordua asko... Karrera txikietatik hasi eta 50 kilometro burutu arte! Non ote dauka limitea Iraitzek?", galdegin du. Iraitzen hurrengo erronketaz ere aritu da alkatea, "Behobia-Donostia, Valentziako Maratoia eta Joko Olinpiarretarako sailkapena lortzea. Gu hor egongo gara zure ibilbidea jarraituz, gure indarrak hor izango dituzu karrera guztietan. Guk ere amesten dugu Iraitz Arrospide Joku Olinpiar horietan ikustea Euskal Herria ordezkatuz. Berriz ere zorionak Iraitz eta  zorterik onena zure erronka berrietan".

Iraitz Arrospideren hitz hunkigarriak
Errebote plazan bildutakoen txaloen ostean, Iraitzek berak hartu du hitza. Jendaurrean hitz egitea zaila egiten zaiola azaldu arren, oso hizketaldi polita eskaini du, umiltasunetik. "Lehenik eta behin eskertu zuei guztioi plaza bete izana. Ez nuen espero hain denbora gutxian horrelako ekitaldia sortzea. Niretzat oso-oso berezia da. Herrikoa sentitzen naiz, billabonatarra; eta nire herrian horrelako ekitaldi bat egitea sekulakoa da eta bizi guztian gogoratuko ditut egun hau eta une hauek". Egun Sheffielden (Erresuma Batua) bizi bada ere, jaioterria, Villabona,  gogoan duela adierazi du, "Villabonak niretzat lotura eskola eta lagunekin du. Gaur batez ere hemen dauden nire lagunei eskaini nahi diet eta, dakizuen bezala, orain duela bi urte lagun batek alde egin zigun eta kuadrillaren eta nire izenean berari eskaini nahi genioke. Eskerrik asko guztioi. Udaletxeari, lagunei, billabonatar guztioi. Bide honetan jarraituko dugu". Joko Olinpikoen inguruan mintzatu da Iraitz Arrospide, bere hizketaldiaren amaieran. "Joko Olinpikoak aipatzen ditugu behin eta berriz eta esan nahi nuke benetan zaila dela helburu hori. Egia da helburuak jarri behar direla eta helburuek laguntzen digutela hobetzen eta aurrera egiten. Benetan helburu zaila da eta saiatuko naiz, baina jakinda lortzen ez badugu ere herriaren maitasuna badaukadala, argi geratu den bezala. Beraz, eskerrik asko guztioi hona etortzeagatik. Animo eta aurrera!".

Dantzarien emanaldi berriarekin eta txalo beroz lagunduta amaitu da ekitaldia. Lagunez, etxekoez eta herritarrez inguratuta, batarekin eta bestearekin hizketan aritu da korrikalari billabonatarra. Bihar arratsaldeko 18:30etan Reala eta Atletico de Madrid taldeen futbol partidaren aurretik, ohorezko sakea egingo du Anoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!