Klima aldaketari aurre egiteko konpromisoak hartu ditu Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2019ko ira. 26a, 09:46

Amasa-Villabonako Udalak ofizialki larrialdi klimatiko egoera deklaratzeaz gain, hainbat konpromiso hartu ditu eta klima aldaketari aurre egiteko neurri zehatzak hartuko ditu datozen hilabeteetan. Besteak beste, udalak aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreen inguruko diagnosi bat osatu eta Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena ziurtatzeko lan bat egingo du zortzi hilabeteko epean.

Horrekin batera, udalak prozesu parte hartzaile eta zabal bat abiatuko du, herritarrekin eta herriko eragileekin batera klima aldaketa eragiten duten faktoreak gutxitzeko herri-plangintza bat osatzeko 2020. urtean. 

Eusko Jaurlaritzaren eskaerak
Amasa-Villabonako Udalak, Eusko Jaurlaritzari larrialdi klimatiko egoera deklaratzea eskatu dio eta larrialdi egoera honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera premiatzen du. Bestalde, udalak aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du Jaurlaritza.

Nazioarteko greba eta mobilizazioekin bat
Udalak bat egin du larrialdi klimako egoera dela medio, mundu osoko gazteriak bereziki bultzatutako irailaren 27ko nazioarteko grebarekin eta herritar guztiak Euskal Herrian edota Gipuzkoan izango diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu. 

Ekintzak ostiralean
Amasa-Villabonako Udalak, herritarrei larrialdi klimatikoak duen garrantziaz ohartarazteko eta gai honek eskatzen duen gizarte-sentsibilizazioan sakontzeko helburuarekin, irailaren 27an honako ekimenak antolatu ditu:

  • 18:30etan: "Antes que sea tarde" dokumentalaren emanaldia Gurea zineman. Leonardo Di Caprio aktore ezagunak eta Martin Scorsese produktoreak ekoitzitako dokumentala National Geographic katearentzat. Sarrera doakoa izango da.
  • 21:30etan: Herriko argiteria publikoa 10 minutuz itzaliko da, larrialdi klimatiko egoeran bizi garela irudikatzeko. Udalak herritarrei dei egin nahi die, ekimen honekin bat egin eta 10 minutu horietan etxeetan ere argiak itzalita mantendu ditzaten.

Udalbatzaren onarpena, osoko bilkuran
Asteartean izandako Udalbatzaren osoko bilkuran, aipatutako elementuak jasotzen zituen EH Bildu udal-taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatu eta bozkatu zen. EAJ-PNVko ordezkariak mozioaren 8. puntua aparte bozkatzea eskatu zuen, datorren irailaren 27an mundu mailan deituta dagoen grebarekin bat egitea ez zuelako egoki ikusten. Beraz, osoko bilkuran egindako bozketan mozioaren beste puntuak aho batez onartu ziren eta 8. puntuan, berriz, aldeko 7 bozka (EH Bildu taldekoak) eta kontrako 4 bozka (EAJ-PNVko 3 eta PSE-EEko 1) izan ziren.

Hau da Udalbatzak onartutako Mozioaren testu osoa:

Klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioa
Larrialdi klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzako dagoeneko kezka nagusia bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldeek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi baldin badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, plazaraturiko txosten berezi batean, tonua altxa zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatuz, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatuz.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºCko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak guztiz ez-nahikotzat jo beharrean gaude.

Hasieran genion bezala, zibilizazio erronka baten aurrean gaude, eta aurrez aurre Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, egoerak partekaturiko esfortzu bat eskatzen du.
Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela.

Mozio honen bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen.

Mozioa:

  1. Amasa-Villabonako Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzen du.
  2. Amasa-Villabonako Udalak, Jaurlaritza larrialdi klimatiko egoera deklaratzera, eta honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera premiatzen du.
  3. Amasa-Villabonako Udalak, Jaurlaritza aldaketa klimatikoaren eraginez pairatuko ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzera premiatzen du.
  4. Amasa-Villabonako Udalak, bere eskumenen baitan, aldaketa klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazten du.
  5. Amasa-Villabonako Udalak aldaketa klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztien inguruko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egingo du 8 hilabeteko epean.
  6. Amasa-Villabonako Udalak, udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu parte hartzaile bat abiatuko du herritarren, auzoen eta beste edozein eragileren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko 2020. urtean zehar.
  7. Amasa-Villabonako Udalak, udalerriko herritar, eragile eta elkarteekin elkarlanean, plangintza hau aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa hartzen du, bere gaitasunen araberakoa izanik plangintza gauzatzeko epea.
  8. Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du, larrialdi klimatiko egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebarekin eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditu.
  9. Amasa-Villabonako Udalak, herritarrei larrialdi klimatikoak duen garrantziaz ohartarazteko helburuarekin, irailaren 27an iluntzeko 21:30etan argiteria publikoa 10 minutuz itzaliko du.
  10. Amasa-Villabonako Udalak herritarrei bando baten bitartez emango die mozio honen eta irailaren 27an egingo den argi itzalketaren berri.
  11. Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratuko die onartutako mozioa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!