Kilometroak 2020

Zubimusu ikastolak hartu du lekukoa

Aiurri 2019ko urr. 7a, 09:17
Adei Ugarte eta Helene San Sebastian, lekukoa eskuan.

Atzo Zarautzen ospatu zen Kilometroak jaian, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak hartu zuen hurrengo Kilometroak jaia antolatzeko ardura.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako kideen eskutik, Zubimusu ikastolako bi haurrek hartu zuten atzokoan lekukoa; Helene San Sebastian amasarrak eta Adei Ugarte zizurkildarrak, Ana Santamaria eta Nerea Zumeaga ikastolako zuzendariekin batera.

Zubimusu ikastolako lehendakari Mikel Ugartek, euskara eta euskal kultura zabaltzen jarraitzeko deia egin zuen lekukoa hartu ondorenean eta hurrengo Kilometroak jairako gonbidapena ere luzatu zuen, "eta datorren urtean guztiok ongi etorri Kilometroak Zubimusura / zabaltzen jarrai dezagun ikastola mundura".

Eredu berriarekin osatuko den lehen Kilometroak jaia izango da Amasa-Villabona-Zizurkilgoa; besteak beste, egun bakarreko jai handia beharrean, urtean zehar jaialdi txiki gehiago antolatuz eta antolakuntzan Gipuzkoako ikastola guztien parte-hartzea bultzatuz; auzolanari eutsiz eta kontsumo eredutik, parte-hartzera pasatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!