Euskara eta generoaren arteko gurutzaketa hizpide

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 23a, 15:16
Jaime Altuna datuen berri ematen atzo, Subijana etxeko hitzaldian.

Tolosaldeko asanblada feministak eta Galtzaundi euskara taldeak ‘Euskara eta Feminismoa. Bidegurutzea elkargune’ hitzaldi zikloa antolatu du. Atzo, urriak 22, izan zen bigarren saioa Villabonako Subijana etxean. ‘Euskara eta generoa gurutzatzen direnean’ hitzaldia eskaini zuen Jaime Altuna antropologoak.

Jone Miren Hernandez Gizarte Zientzietan doktorearekin batera ematekoa zen hitzaldia, baina arazo pertsonalengandik ezin izan zuen gerturatu Hernandezek eta Altunak bakarrik eskaini zuen atzoko saioa. EHUko irakasleak dira biak AFIT, Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kideak. Hitza Altunak hartu bazuen ere, azaldu zituen datu eta ondorioak guztien artean landutakoak zirela nabarmendu zuen.

Bada, errealitate soziolinguistiko eta generoaren arteko harremanaz aritu zen atzokoan; hain zuzen ere, euskara eta generoaren arteko gurutzaketaz, Hizkuntza Antropologiak eta Antropologia Feministak eskaintzen dituen tresnetan oinarrituta.

Euskal Herri mailan, soziolinguistikaren sorrera 1970eko hamarkadan abian jarri bazen, azken hamarkadara arte, euskara eta generoa aztertuz lan gutxi egin dela aipatu zuen Altunak. Egun ari dela pixkanaka indarra hartzen eta ondorengo esparruetan ari direla lanketan, bereziki:

  • Euskalgintza / Mugimendu feminista.
  • Hizkuntza plangintzak / Berdintasun politikoak.
  • Soziolinguistika / Hizkuntza antropologia…

Emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute euskaraz
Bestalde, 2016ko Euskal Herriko euskararen erabileraren datuak aztertuta, ondorio nagusi baten berri eman zuen: Euskal Herriko lurralde guztietan, emakumeek gizonek baino gehiago egiten dutela euskaraz. Eta alderik handiena gazteen artean nabaritu dute, neskek mutilek baino gehiago hitz egiten dutela, alegia. Era berean, adin ezberdineko kideen arteko elkarrizketetan ere, emakumeek erabilera handiagoa egiten dutela jakinarazi zuen. Datu aipagarri bat ere bai: haur mutilak euren artean daudenean nabarmen jaisten da, datuen arabera, euskarazko erabilera. Baita haien guraso gizonezkoen artean ere, euren lagunartean daudenean.

Euskara ikasteko joeran nahiz euskararen aldeko ekimenetan ere jarri dute begia eta 2017-2018ko matrikulazio datuei begira, euskaltegietan matrikulatutakoen %60 baino gehiago emakumea dela adierazi zuen Altunak. “Mintzalaguna moduko programatan, adibidez, partaideen %73a emakumea da”. Era berean, euskararen aldeko ekimenetan ere emakumeen presentzia handiagoa dela nabarmendu zuen. “Esaterako, Euskaraldian izena eman zuten 3 pertsonatik 2 emakumeak ziren; %62a”.

Datuen interpretazioa
Datu kuantitatiboak kualitatiboekin osatzen dihardute orain eta azterketa lan horretan ari da buru-belarri Altuna bera ere, bere tesirako. 12-18 urte bitarteko nerabe eta gazteekin elkarrizketak eta bilkurak eginez, datuak atera eta interpretatze lanetan.

Modu horretan, hizkuntza bere testuinguruan aztertzen dute. Batetik, neska eta mutilen artean egiten dituzten ekintzatan ezberdintasunik ba ote dagoen: Eta mutilek mugimendurako joera handiagoa eta oldarkorrago jokatzen dutela ondorioztatu dute. Eskolaz kanpoko jardueratan ere, ezberdintasun nabarmenak daudela ikusi dute, neska nahiz mutilek egiten dutenaren artean. Eta jokaera horiek, berezkoak baino, sozializazioak eragindakoak direla uste dute.

Praktika horiek hitz egiteko moduekin zerikusi zuzena dutela azaldu zuen Altunak. “Hitz egiteko modu ezberdina dute neskek eta mutilek. Mutilen artean ez da hain ohikoa elkarrizketa luzeak izatea; esaldi labur eta amaigabeak erabiltzen dituzte gehiago eta mugimenduan dagoen gorputzak garrantzia hartzen du komunikazioan”. Nesken artean, berriz, elkarrizketa luzeagoak izaten dituztela gaineratu zuen, pausatuagoak. Eta, aurrez aipatu bezala, euskara gehiago erabiltzen dutela. Datu horiek gazteei galdetuta eta eginiko behaketatan jaso dituzte. Eta ez dela kasualitatea uste du Jaime Altunak, “mutilei transgresiorako edo arauak apurtzeko aukera handiagoa ematen zaielako oraindik”.

Bidegurutzea elkargune, hitzaldi zikloa
Euskara eta feminismoaren arteko lotura aztertuz, ‘Bidegurutzea elkargune’ hitzaldi zikloaren baitan, beste hiru hitzordu geratzen dira:

  • Euskara eta emakumeak, genealogia / begirada feminista bat
    Hizlaria: Saioa Iraola Urkiola.
    Urriak 29, asteartea. 18:30. Ibarrako Kultur Etxea.
  • Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen
    Hizlaria: Itziar Gandarias Goikoetxea.
    Azaroak 5, asteartea. 18:30. Amezketako Kultur Etxea.
  • Mugimendu feminista eta hizkuntza praktikak mahai-ingurua
    Hizlariak: Eider Olazar Elduaien, Petra Elser, Idurre Eskisabel Larrañaga, Tarana Karim eta Azpeitiko Emakumeen Txokoko ordezkaria.
    Ondoren, sormen saioa Uxue Alberdi Estibaritz eta Oihana Iguaran Barandiaranekin.
    Azaroak 13, asteazkena. 18:30. Tolosako Kultur Etxea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!