"Sare sozialetan euskarazko entretenimenduzko eduki propioak sortzea da gure erronka nagusia"

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 25a, 12:13
Alexander Padilla, Gaztea irratiko estudioan. Argazkia: Alexander Padilla.

Entretenimendua gustuko du Alexander Padilla Lopez billabonatarrak, eta horren baitan, irratia eta sare sozialak bereziki. EITBko Gaztea irratiko digitalizazioa burutzen ari da. Elkarrizketa luze eta zabala eskaini dio Aiurri aldizkariari azken zenbakian. Osorik irakurri nahi duenak, 547. zenbakian aurkituko du.

Publizitate eta Harreman publikoetan lizentziatua, bide luzea egina duzu lan esparruan. Nondik nora ibili zara azken urteetan?
Bilbon hasi eta beka bati esker Bartzelonan amaitu nituen ikasketak. Lizentziatu eta berehala konturatu nintzen sare sozialak oso gustuko nituela. 2008an Vienara joan nintzen praktikak egitera eta han eguneroko moduko bat egin nuen gurasoek bertan nola bizi nintzen ikus zezaten, YouTubera bideoak igoz. Orduan, oraindik garatu gabe zegoen YouTube. Eta nire lehen lana topatzeko nahigabeko aitzakia izan zen, Vienatik etorri ondoren, bideoblog horri esker, sare sozialen agentzia batean lanean hasteko aukera izan bainuen. Publizitatearen baitan, sare sozialetara bideratu dut nire lana beti, eta entretenimendura batez ere. Agentzia horretatik telebista saioak zituzten produktoretan hasi nintzen, estrategiak garatzen. Beti ibili naiz giro horretan, bai Bartzelonan eta geroago baita Madrilen ere. Telebista produktoretan nahiz irratian ere aritu nintzen lanean, Los 40 Principalesen hiru denboraldi egin nituen. Baina erronka ezberdinak edukitzea gustatzen zait eta egun EITBn ari naiz, Gaztea irratian.
Bigarren denboraldia hasi berri duzu Gaztea irratian. Erronka berri bati erantzuten ari zara bertan…
Arratsaldeko saioan tarte bat egiten kolaboratzen nuen Gaztea irratian eta EITB nahiz Gaztearen digitalizazioko parte izateko aukera eman zidaten. Argi baitzeukaten gazteak sare sozialetan zeudela eta eduki hori kudeatzeko norbait behar zuten. Ez bakarrik sare sozialak edukiz elikatzeko, haratago joateko baizik. Irrati bisualaren kontzeptua landu nahi zuten. Hasieran ezezkoa esan nien, hamaika urte etxetik kanpo igaro eta gero, beldurra ematen baitzidan itzultzeak. Baina erronka oso handia zen eta hobeto pentsatuta, baiezkoa eman nuen..., eta ez naiz damutzen. Lantaldea ezagutzen nuen eta oso lagungarria da hori, bai bainekien eroso egongo nintzela.
Digitalizazioaren esparru zabalean, zein lanetan ari zara zehazki?
Baiezkoa emandakoan, gauza bakarra eskatu nuen; esperimentatzen, jolasten eta probatzen uzteko. Irrati bisualaren kontzeptuaren baitan, gazteentzako euskarazko edukiak sortzen ari gara. Sare sozialak dinamizatu eta elikatzeaz gain, besteak beste, bideogintza landuz. Mugikorrera bideratutako bideo bertikalak nahiz storiak egiten ditugu. Facebook eta Twiterren sekulako jarraitzaile piloa du Gazteak, baina bere horretan geratuta dago. Instagramen, berriz, estrategia zehatz bat daukagu eta gorakada handia izan dugu. Egun, euskal hedabiderik jarraituena da Gazteako kontua, ia 16.500 jarraitzailerekin. Nik 8.000 zituela hartu nuen eta urtebetean bikoiztu egin dugu jarraitzaile kopurua. 
Hasieran, irratian gertatzen zena sare sozialetan zabaltzen hasi ginen, hori da ohikoena. Baina haratago joan nahi dugu. Modu horretan, irratsaiora zein gonbidatu datorren iragarri eta hari egiteko galderak eskatzearekin batera, eduki propioak sortzeari ematen diogu garrantzia, irratitik entzungo ez diren edukiak sortzeari. Gonbidatua edo protagonista gertu edukita, irratiko elkarrizketaz gain, zuku gehiago atera nahi izaten diogu eta jolasak edo challenceak, elkarrizketak edo argazki saioak egiten ditugu haiekin. Gazteei zuzendutako edukiez hornitutako beste unibertso paralelo bat sortzen ari gara. Gauza bat da irratian gonbidatuari eginiko elkarrizketa entzutea eta, beste gauza bat, aurpegiak protagonista dituen bestelako edukiak kontsumitzeko aukera ematea, bai audio, bideo edota bestelako formatuetan.
Izan ere, irratia entzuteko moduak eta aukerak aldatu egin dira azken urteotan. Baita telebista ikustekoa ere...
Gazteek nahi dutenean entzun nahiz ikusten dute irratia edo telebista. Plataformak direla eta, nahi duten momentuan entzuten dituzte irratsaioak edo ikusten dituzte telesailak, eta nahi badute, baita bost atal jarraian ere. Egun, ezin da gaztea saio bat ordu zehatz batean entzun edo ikustera mugatu. Eta hori argi eduki behar dugu, galduta baikaude bestela. Eta horretarako, Nahieran plataformak ondo eguneratuta egon behar du, hortxe baitago gakoa. Argi dago gazteak ez direla telebista saio bat ikustera edo irratsaio bat entzutera joango, guk joan behar dugula haiek dauden tokira.  
Eta, non dabiltza gazteak?
Instagramen, haietako asko. Eta gure irratiko estrategia Instagramerako zehaztuta dago, batez ere. 
Gazteak telebistaren aurrean ez daudenez, Instagram, YouTube edo dena delako plataformatan pentsatzen sortu behar dira edukiak. Gero helmuga webgunea izan daiteke, baina amuak bestelako plataformetan daude. Esaterako, ‘Agur Etxebeste’ filmeko protagonistak irratira etorri zirenean, challence bat egin genuen haiekin eta oso harrera ona izan zuen. Filma promozio bideo batekin erakutsi beharrean, modu dibertigarrian erakutsi genuen. Halako edukiak sortzen ari gara eta oso baliabide gutxirekin, gainera. Baliabide gehiago bagenu, oraindik eta lan hobeak egin genitzake. Izan ere, digitalizazioan sartuta gaude, baina ez dago horretarako inbertsiorik. Gehiago inbertitu beharko litzateke pauso horretan benetan sinesten baldin bada.
Era berean, gazteek irratsaioak jarraitu ahal izateko, mugikorretara ondo egokitutako webgune eta plataformak behar dira. Oso garrantzitsua da arlo hori ondo zaintzea. Gazteengana gerturatu eta haiei zuzendutako ideia nahiz euskarazko edukiak sortzen ari gara egunero.
Esaterako, saiakera egiten ari gara Spotifyrekin ere eta emaitza positiboa izaten ari da. Gaztea irratiko saio guztiak Spotifyn ere entzun daitezke nahi denean, deskargatu egin daitezke, daturik gastatu gabe. Hori ere garrantzitsua da gazteentzat. 

... ... ...

 

Laburrean... Sare sozialak

• Gogokoena: Instagram, dudarik gabe. Momentuko sarea da. Oso intuitiboa eta erraz komunikatzeko modu asko eskaintzen duena; mezu pribatuak, storiak… Argazkiak eta bideoak ere oso eskura ditu. 
• Zein da haien etorkizuna?: Aplikazioak izenez aldatzen joango dira, baina komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berri horrek aurrera jarraituko du. Asko erakartzen nau nola berritzen ari diren ikusteak eta baita oraindik edozer gerta daitekeela jakiteak ere. Telebistak irratia desagerrarazi ez zuen bezala, ez dut uste sare sozialek eta plataformek telebista eta irratia desagerraraziko dutenik; baina nolabaiteko eraldaketa eta mugimendua eskatzen diete, ezin baitute besteen ondoan geldirik geratu. Izan ere, kontsumo mota aldatu egin da, baina produktuak ez du zertan aldatu behar. Hori da askotan jendeari ulertzea kostatzen zaiona. Produktuak euskarri egokira egokitu behar dira, horixe eskatzen baitu audientziak. Kontsumoa azkarragoa da egun, momentukoa.
• Abantaila: Edozein pertsonak duen talentu hori erakusteko erakusleiho perfektua dira. Esaterako, musikarako talentua duenak, egun, single bat YouTubera igo eta beharbada diskoa kalera dezake, disketxe baten laguntzaren beharrik gabe. Sare sozialek zentzu horretan demokratizazioa ekarri dute. Gaitasunen bat duenak, inoren laguntzarik gabe, aurrera egiteko aukera.  
• Desabantaila: Lotura, oso neketsuak dira eta zaila da haietatik deskonektatzea. Gustatu egin behar zaizkizu, gorrotatu egingo dituzu bestela. Eta artifizialtasuna, bereziki. Arazo handia dago hor Like-ak direla eta. Badirudi orain plataforma batzuk kendu egingo dituztela gaztetxoen artean sortzen dituzten autoestimu eta konpetentzia arazoengandik.
• Nola bultzatu erabilera ona gazteen artean? Pertsona helduei –horretaz bizi ez denari, behintzat– berdintsu zaie zenbat jarraitzaile eduki, baina ez sare sozialak erabiltzen dituzten gaztetxoei. Dudarik gabe, hezkuntza mailan landu beharko litzatekeen arloa da, arazo larria baitago erabileran. Bullying eta ziberbullyinga bezala, ahulezia asko egon daiteke erabiltzaileen artean eta oso gaizki pasa dezakete psikologikoki gazteek. Sare sozialen aurrean, naturaltasuna galtzen da askotan, artifizialtasun handia dago eta horrek arazo larriak ekar ditzake haien artean. 
• Zein bilakaera izan dute azken urteetan? Asko aldatu dira, epe laburrean. Aplikazio berriak agertu eta beste batzuk desagertu egin dira. Komunikatzeko modu ezberdina da. Oraindik telebistak pisu handia du, baina hedabide guztiak digitaleko txiparekin dabiltza, sare sozialei garrantzia emanez. 
• Hobetzekorik? Asko falta da oraindik egiteko. Adibidez, profesionalak horretan lanean jartzea. Batzuetan gure lana gutxietxi egiten dela iruditzen zait; edozein pertsona jartzen baita sare sozialak kudeatzen, estrategiarik zehaztu gabe. Hori akats larria da, ezin baita argitaratzeagatik argitaratu. Publizista naizen momentutik argi daukat helburuak nahiz komunikatzeko bideak zehaztu behar direla aurrena.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!