Kale Nagusiko denden oraina eta geroa

Aiurri 2019ko aza. 12a, 09:17
Azkar dendako zapata-konpontzailea, Iraola gestoria, Labezain okindegia, Gema loradenda eta Oria grafikagintzako kideak.

Amasa-Villabonako komertzio txikien egoera ez da hoberena, eta horrelaxe diote merkatariek. Komertzio handiek leku handia hartu dute, eta horrez gain, erosteko modua ere aldatu egin da, baita saltzekoa edota bizitzekoa ere.

1989. urtean Villabonako Kale Nagusian sei komertzio berri ireki ziren. Aurten, 2019an, 30 urte bete dituzte, hala nola, Gema lorandendak, Labezain okindegiak, Oria grafikak, Azkar zapata-konponketa dendak, Iraola gestoriak eta Rainbow tabernak.Kale Nagusitik urrutixeago,Errota kalean, Chaplin tabernak ere ireki zituen ateak. Aipaturiko lehen bostekin elkartu gara Irrintzi elkartean garai haiek gogoratzeko eta egungo komertzio txikien merkatuaz gogoeta egiteko. Azkar zapata-konponketa dendako nagusiak hartu du lehenik hitza eta adierazi duenez, "denda gutxi zegoen Kale Nagusian. Asko itxita zeuden. Zalantzan egon nintzen negozioa Villabonan ala Andoainen ireki. Andoainen garestiagoak zeuden alokairuak, Villabonan, berriz, merkeago, eskaintza handiagoa zegoelako". Gainontzeko merkatariek, beren negozioen aurretik, zein denda zeuden ekarri dute gogora. "Janari-denda txikiak zeuden, esaterako, arrillagatarren denda, baita Amaiurrekoak edota hur-saltzailea ere", dio Labezain okindegiko semeak. "Berotz kafetegiak guk baino urtebete lehenago ireki zuen", gehitu du zapata-konpontzaileak. Negozioak ixtearen arrazoi nagusia 1983ko uholdeak izan zirela azpimarratu dute, askok eta askok ezin izan ziotelako uholdeek utzitako gastuei aurre egin. Gerora, 90eko hamarkadan, komertzio gehiago ireki zituzten Kale Nagusian nahiz herrigunean, seguruenik hiruzpalau urte horietan azken 15 urtetan baino gehiago, azaldu dutenez.

Denda txikien egungo egoera
"Herritarrak saltoki handietara joaten dira. Konplexua da horri aurre egitea", esan du zapatariak. Eta herriko dendetan erostearen ideia praktikara, ekintzetara igaro behar delakoan daude. Herritar asko, herriko merkataritza babestearen ideiarekin bat etorri arren, ondoren saltoki handietara joaten direla diote. "Herriko eguneroko merkataritzaren zati garrantzitsua garela jakin behar dute herritarrek. Herriko merkataritza desagertzen bada, herria hilko da, hein batean", azaldu du Oria Grafikako arduradunak. Eta ez hori bakarrik. Bezeroaren eta saltzailearen arteko harremana ere galtzen doala gehitu du zapata-konpontzaileak: "Internetez erostea oso hotza da. Pixka bat merkeago eros dezakezu eta etxean jaso; baina dendetan ez duzu zertan erosiko duzun produktuari buruz soilik hitz egin, herrian jazo diren ekintzei buruz ere hitz egin dezakezu edota beste hamaika kontuez. Gertuagoko harremana dago bezeroaren eta saltzailearen artean".
Bestalde, azken hilabeteetan Kale Nagusian hainbat negozio itxi da: Amaiur denda, besteak beste. Gema loradendako nagusiak, iluntzeetan kalea "triste" geratu dela dio, eta batez ere eguraldi txarrarekin, kalea "basamortu" bihurtzen dela. Hurrengo hilabeteetan beste bi negoziok ateak itxiko dituztela iragarri dute, Iguaran eta Iñaki harategiek, hain justu. Penaz eman dute berria merkatariek.
Denda txikiak bizirauteko Oria merkatarien elkarteak egiten duen lana ez dela nahikoa uste dute, eta udalari babes handiagoa eta erraztasun gehiago eskatzen dizkiote, hala nola autoak edota furgonetak Kale Nagusian sartzeko ordutegia zabalagoa izatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!