Ur hoditeria berritzeko lanak hasi dira Villabonako Kale Nagusian

Aiurri 2019ko aza. 15a, 15:39

Lanek hiru hilabeteko iraupena edukiko dute eta 188.000 euro inguruko kostua dute. Jaizubia Obras y Servicios S. L. eraikuntza enpresa arduratuko da obraz.

Asteazkenean, azaroaren 13an, hasi ziren Uraren Euskal Agentziak Kale Nagusiaren eta Oria ibaiaren ondoko pasealekuan egingo dituen lanak. Lan horren bitartez, Kale Nagusiko hainbat etxebizitzetako ur zikinak kolektore nagusira lotuko dira, ondoren Adunako depuradorara bideratuz. Amasa-Villabonako Udaletik azaldu dutenez, "ur zikina ez da zuzenean Oria ibaira isuriko. Aurrera pausu bat emango dugu gure ibaiaren ur kalitatea hobetzen jarraitzeko eta orokorrean ibaiko ingurumenaren alde egiteko".

Lanak Erreka taberna ondoan dagoen etxepeko pasabidetik hasiko dira, eta pixkanaka ibilbidean gora luzatuko dira udaletxearen aurrealderaino. Lubakiak zulatuko dira batez ere, ur zikinen kolektoreak aldatzeko eta beharrezkoak izango diren hodi berriak ezartzeko.

Hiru hilabetetako obra
Obrak gehienez ere hiru hilabeteko iraupena izango duela adierazi du udalak eta 188.000 euro inguruko aurrekontua duela. Udalak, aldez aurretik, lanek sortu ditzazketen eragozpenengatik barkamena eskatu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!