Fleming Herri Eskolak deialdia egin du, 50. urteurrenaren harira

Aiurri 2019ko aza. 25a, 09:46

Fleming Herri Eskolako kideek argazki zaharrak, bitxikeriak, dokumentuak eta eskolako material zaharra biltzeko deialdia egin du, eskolaren 50. urteurrenaren harira.

Dakizuen bezala, Fleming Herri Eskolako 50. urteurrena dela eta hainbat ospakizun eta ekintza burutzeko lanean ari gara.

50 urte hauetan ezinbestekoa izan da eskola komunitate osoaren lana eta hala izaten jarraitzen du gaur egun ere. Horregatik, Fleming Herri Eskolako kide diren eta izan direnen ordezkaritza bat islatzea izan da argazki honen helburua, denon artean osatu baitugu gaur egun gure eskola dena eta horretan lanean ilusioz jarraituko dugu.

Beste behin ere, behar zaituztegu eta laguntza eskatzeko helburuarekin idazten dugu mezu hau. Ikasle, guraso, langile eta irakasle ohie edota gaur egungoei eskolarekin lotura zuzena izan dezaketen azken hamarkadetako, argazkiak, bitxikeriak, oharrak, oroitzapenak edota materiala eskolara ekartzea nahi genuke.

Hori dela eta, mezu honen bidez, etxean gordeta dituzuen garai bateko argazkiak eskolara bidaltzeko deialdia luzatu nahi genuke. Biderik egokiena, argazkiak eskaneatu eta eskolara bidaltzea izango da, bakoitzaren izen-abizenak eta jaiotze urtea zehaztuz, honako helbide honetara: 50fleming@gmail.com.

Dena den, nahiago baduzue, Arroako eta Arratzaingo eskoletako sarreran azaroaren 29tik aurrera egongo diren maletetan ere utz dezakezue materiala. Aipatutakoez gainera, bideo irudirik, eskola materialik edo garai bateko libururik gordeta izango bazenute, horren berri ematea gustatuko litzaiguke, horretarako, aurrez aipatutako helbide elektronikoa erabiliz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!