Bihozkada musika taldeak 'Zure aurrean' diskoa aurkeztuko du abenduaren 13an Gurean

Aiurri 2019ko abe. 11a, 10:39
Bihozkada musika taldeko kideak, Legarreta auzoko euren entsegu-lekuaren aurrean.

Ostiral honetan, abenduak 13, Bihozkada musika taldeak kontzertu berezia eskainiko du Villabonako Gurea antzokian, arratsaldeko 20:00etan eta doako sarrerarekin. 2016an Tolosako Bonberenean grabatutako maketaren ondoren, aurkeztu berri duten lehen lan luzearen aurkezpen ofiziala izango da.

Urrian argitaratu zuten 'Zure aurrean' izeneko lana. Beasaingo Pottoko Studioetan grabatu, nahastu eta masterizatua, Fredi Pelaezen eskutik. Fredi Pelaez musikari eta produktore handiaren kolaborazioak badira diskoan bertan, Hammond organoak zein Burliak berak sartu baititu.
 
Era berean, diskoan bada Alex Tellok 'Galerak' diskorako produzitu zuen abesti bat. Grabaketa eta nahasketa Axular Arizemendik egin zuen Mutrikuko Ame estudioetan. 2018an grabatutako abesti hori lehen maketan bazegoen, eta ukitu berri batekin  birgrabatu zutenez, disko honetan gehitzea erabaki zuten musikariek.
 
Taldea bost kidek osatzen dute: Villabonako Iñaki Lizasok (ahotsa eta gitarra), Tomas Lizardi alkizarrak (koruak eta gitarra), Anoetako Nahikari Calleja (koruak eta baxua) eta  Txomin Urdanpilletak (bateria eta perkusioak) eta Legazpiko Unai Aldasorok (biolina eta teklatuak).
 
Kontzertuan zehar, diskoko abestiez gain, 'Zure aurrean' diskoa grabatu aurreko zenbait kanta, grabatu gabeko hainbat kanta zein diskoaren ondoren sortutako kantu berriak entzun ahalko dira. Beste hainbat sorpresa izango direnez, kontzertu berezia izatea espero da. 
 
Diskoa argitaratu zenetik, azaroan bi kontzertu akustiko eskaini dituzte Tolosan eta Orexan eta Villabonako aurkezpenaren ondoren 2020 urtea indarrarrekin hasiko dute. Urtarrilaren 10ean Tolosako Bonberenea gaztetxean joko dute eta urtarrilaren 25ean, berriz, Donostiako Doka aretoan. Bi kontzertu hauek Villabonako Habi taldearekin batera eskainiko dituzte. Otsailetik aurrera ere badituzte kontzertuak lotuta.
 
Bihozkada taldearen musika interneteko plataforma garrantzitsuenetan dago entzungai: Spotify, Youtube, Imusic edota Bandcamp bezalako atarietan.
Diskoa erosteko aukerak hauexek: Villabonako Xiker tabernan, Alkizako herri ostatuan eta Bihozkadaren sare sozialetara (facebook, instagram) zein email kontura mezua bidalita: bihozkada@gmail.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!