Gabonak 2019

Olentzero eta Mari Domigiren etorrera goxoa

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 25a, 12:10

Eguberri bezperako ospakizunei lotuta, berrikuntzaz betetako eguna izan zen atzokoa Villabonan. Goiz eta arratsaldeko ekimenez gain, iluntzean Olentzero eta Mari Domingi Etxeondora iritsi ziren, Otsabira beharrean. Ongietorri dotorea eskaini zitzaien Amalurra plazan.

Joan zen igandeko Aranerrekako Olentzaroaren Bidea ekimenari jarraiki, indartuta eta edertuta iritsi zen Olentzero eta Mari Domingiren ongietorria ere. Napoleon astoak gidatzen zuen gurdian iritsi ziren, besteak beste, galtzagorriz eta ikazkinez lagunduta. Etxeondotik Amalurra plazaraino egin zuten ibilbidea, Santio egoitzan geldialdia eginez. 

Eta Amalurra plazan herritar multzoa zain. Kalejiran zetozen herritarrez gain, jende asko bildu zen Olentzero eta Mari Domingiren harrera berria gertutik ezagutzera. Hantxe ziren txondorgileak eta baita basoko beste hainbat langile ere. Besteak beste, zerura begiratu eta zein egun den asmatzeko ahalmenaz mintzatu zen Olentzero, naturarekin harreman zuzenean. Haur nahiz helduek begiak zabal-zabalik jarraitu zuten Olentzero, Mari Domingi, baserritarra eta Galtzagorriaren arteko elkarrizketa.

Hantxe ziren Oinkari dantza taldeko dantzari gazteak ere. Bi dantza eskaini zituzten eszenatoki paregabean. Eta amaieran, muxu eta besarkaden txanda iritsi zen. Urduri bezain pozik haurrak, euren pertsonaia maiteak hain gertu sumatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!