Ika-mikak Legarretako zubia berritu ondorenean

Aiurri 2019ko abe. 28a, 08:51

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Villabonako Legarretako zubia eraberritzeko lanak eta joan zen asteburutik zabalik da Sacemgo zubia bezala ezaguna dena.

Joan zen ostegunean, abenduaren 26an, zubi berrituaren irekiera ofiziala egin zuten eta bertan izan zen Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, Amasa-Villabonako EAJ-PNVko zinegotziekin lagunduta. Oinezkoen nahiz ibilgailuen trafikoa banatu egin dela adierazi zuen, erabiltzaileen segurtasuna nabarmen hobetuz, “Zubiaren zabalera eskasa dela eta ibilgailuek eta oinezkoek plataforma bera konpartitzen zuten, eta horrek arrisku uneak sortzen zituen”, azaldu zuen Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak. Arteka enpresak kamioi ugariren joan-etorria eragiten duela eta bide hori oinezko askok ere erabiltzen duela azaldu zuen, eta enpresak berak trafikoak banatzeko eskaria egina zuela, garraiolariek segurtasun gehiagorekin gidatu ahal izateko. “Aldundiak eskaera onartu eta proiektua aurrera eraman du. Tramitazioak uste baino luzeagoak izan dira Urak agentziak jarritako baldintzen ondorioz. Konfederazioak ezarritako mugak horiek izan dira, hain zuzen ere, ibilgailuen trafikorako bi norabideko zubi bat hasieratik baztertu izanaren arrazoia”. Proiektua udalean aurkeztu zela eta udal teknikariek hasieratik ezagutu zutela ere azpimarratu zuen diputatuak.

 “Legarreta zubiaren konfigurazio berriarekin Zizurkil eta Anoetarekin modu egokiagoan konektatuko da, eta noski, industria gunearekin konexio hobea izango du Villabonak. Gure nahia zubia gehiago zabaltzea izan arren, ibilgailuak gurutzatzeko modua izan zezaten, ezinezkoa zen; zubiaren konfigurazioak ez duelako hori posible egiten”, zehaztu zuen Bide Azpiegitura diputatuak.

Lanak maiatzaren amaieran hasi ziren eta gaurdaino iraun dute. Aurrekontua 500.000 eurokoa izan da eta obra aurreikusi bezala gauzatu dela jakinarazi zuen.

 

EH Bildu, kexu

Biharamunean, Amasa-Villabonako Udal gobernua kexu agertu zen agerraldian Bide Azpiegituretako diputatua Amasa-Villabonako EAJ-PNVko hiru zinegotzirekin agertu izanagatik eta eurek, Udal bezala, deialdi formalik ez jasotzeagatik; ez jakinarazpenik, ez gonbidapenik.

Udal gobernu taldearen ustez, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuaren  jokabidea ez da batere egokia izan eta horregatik, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak bere kexa eta azalpen eskaera bideratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamendura. Halaxe dio idatziak amaiera aldera, “Udal gobernu taldearen izenean eta alkate gisa, jokabide hori ezegokia iruditzen zaidala adierazten dut. Pentsatzen dut kasu honetan jarraitu den moldeak, erakunde edo instituzio publiko ezberdinen arteko harremanetan egon behar lukeen leialtasuna eta zintzotasuna urratu duela.

Gainera, iruditzen zait jokabide hori ezegokia izateaz gain, helburu alderdikoiak izan direla tartean, zehazki Amasa-Villabonako EAJ-PNV alderdi politikoaren interesek zer ikusia izan dutela afera honetan.

Hau esanda, Amasa-Villabonako Udalaren izenean, nire kexa formala adierazi nahi nioke Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduari. Horrekin batera, eskertuko nuke gertatutakoaren inguruko azalpenak jasotzea”.

 

Amasa-Villabonako EAJ-PNVren erantzuna

Amasa-Villabonako EAJ-PNVk, bere aldetik, aurreko legealdian eta 80 urteren ondoren, obra hauek martxan jarri zituela dio. Eta zubiak eraberritze osoa izan duela oinezkontzat eta ibilgailuentzat, erantzun egokia aurkituz. “Legarretako zubiak 100 metroko luzera dauka eta hobekuntza lanen aurretik 5,6 metroko zabalera batean ibilgailuek eta oinezkoek galtzada partekatzen zuten, horrek sortzen zituen egoera arriskutsuekin, batez ere ibilgailu astunak igarotzen zirenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen obrarekin, Villabonako zubiaren taularen alde bakoitzean altzairuzko egitura bana erantsi zaio eta 7,2 metroraino zabaldu da. Hau horrela, ibilgailuentzat 5,2 metroko zabalerako galtzada lortu da eta 2 metro zabalerako eta baranda batez banatutako oinezkoentzako espaloia. Zubiaren iluminazioa barandan bertan kokatutako Led motako argiekin egin da”. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu bezala, tramitazioak uste baino luzeagoak izan direla diote, Urak agentziak jarritako baldintzen ondorioz. “Konfederazioak ezarritako mugak horiek izan dira, hain zuzen ere, ibilgailuen trafikorako bi norabideko zubi bat hasieratik baztertu izanaren arrazoia. Proiektua udalean aurkeztu zen, eta, jakina, udal teknikariek hasieratik ezagutu zuten. Bide segurtasunaren helburu nagusia da, ibilgailuen trafikoarentzat nahiz batez ere oinezkoentzat", Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzekin bat egiten dute.

Arazo hauei guztiei EH BILDUk orain arte bizkarra eman diela gaineratu dute, eta Udalean bezala Aldundian, 2011-2015 legealdian egoera hori hobetzeko ezer ere egin ez zutela. “Badirudi, EH BILDUri ulertezina egiten zaiola zubia gehiago zabaldu ez izanaren erabakia. Arrazoi garbia dago horretarako: Teknikoki zubi horren estrukturak ez du ahalbidetzen beste 3m zabaltzea eta ekonomikoki ez litzateke bideragarria izango. Arazo bakoitzari bere neurriko soluzioa eman behar zaio. Ez da handikerietarako garaia. Lanak maiatzaren amaieran hasi ziren eta gaurdaino iraun dute. Aurrekontua 500.000 eurokoa izan da eta obra aurreikusi bezala gauzatu da”, adierazi dute. EH Bilduk ekainean udaletxea hartu zuenetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ez duela zubiaren egoera ezagutzeko komunikazio politikorik ezta teknikorik eduki diote. “Hori oso larria da. EH BILDUren jokaera, beti bezala, gezurrak esaten jarraitzea da, prentsa ohar faltsuak ateraz. Gogoratu dezagun gainera, EH BILDU sartu orduko proiektua esleituta zegoela. Egia esan, horri esker izan da posible gaurtik aurrera oinezko zein bizikleten segurtasuna bermatzea eta ibilgailuekin zubiaren zabalera era ordenatuan partekatzea. Zubi berri honen bitartez, oinezkoen eta ibilgailuen artean zegoen arazoa konpontzea lortu dugu; iolentzia sexistari loturiko puntu beltzak ezabatzea lortu dugu; zubi berri eta moderno bat eraikitzea lortu dugu. 80 urteren ondoren, EAJ-PNVk gobernaturiko Udalak eman zion erantzuna Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera Legarretako zubiari. Amasa-Villabonako EAJ-PNVk emandako hitza bete du. EH Bilduk ordea, hitz hori zapuztea besterik ez du buruan, herrian giro txarra sortuz. Guk beti herrikidetzaren alde egingo dugu lan, Amasa-Villabonan sinesten dugulako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!