Fleming herri eskolaren Azoka Pedagogikoa, larunbatean

Aiurri 2020ko urt. 15a, 09:30

Fleming eskolaren 50 urteurrenaren baitan, urte hauetan eskolako egunerokoan erabilitako metodologiak izan dituen aldaketak erakutsiz, Azoka Pedagogikoa antolatu dute larunbatean, urtarrilaren 18an, egungo eskola kalera ateraz.

"Azken urteetan, lanketa handia egin dugu eskolako jarduna ikasleen interesetara eta egungo errealitatera egokitzen eta berrikuntza asko ditugu zuei erakusteko", adierazi dute arduradunek.

Eskolan egunerokoan erabiltzen dituzten proiektuak bost gunetan aurkeztuko dituzte: xakea, hizkuntza, robotika, matematika manipulatiboa eta Haur Hezkuntza. Horrez gain, bertan izango dira Guraso Elkarteko kideak ere, "eskolaz kanpoko ekintzen berri emanez eta urteurrena dela eta, betiko moduan, jasangarritasuna bermatuz, kotoi organikoz egindako azken kamiseten eskaerak jasotzen. Nahi duenak bertan izango ditu erakusgaiak neurri egokia aukeratu ahal izateko". Eta azokari amaiera emateko, Eko Talo taldeko kideek talo tailerra egingo dute haurrekin.

Larunbatean, beraz, eguraldi onarekin Malkar plazan eta euriarekin Berdura plazan burutuko da Azoka Pedagogikoa 11:30etik 13:30ak bitarte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!