"Antzinako tresnetatik datoz ondorengo aurrerakuntza guztiak"

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 25a, 10:00

Amasako Mikel Igartza baserriko ganbaran, antzinako lanabes, tresna eta gailuen bilduma osatzen ari da Agustin Yarza amasarra. "Hortixe gatoz" dio, antzinako eta egungo tresnei erreferentzia eginaz

Mikel Igartza baserrian jaio zen Agustin Yarza duela 72 urte. 65 urte zituela hartu zuen erretiroa eta, geroztik, bere zaletasunei eskaintzen die tartea. Esaterako, baratzea landuz edota astero mendira joanaz. Baina badu beste  gustuko zaletasun bat ere, tresna zaharrak bildu, txukundu eta ondo gordetzea, luzaroan mantentzeko, “jaso, hori bakarrik egiten dut. Ez dakit zertarako, baina ezin ditut antzinako tresnak zaborretara bota; bai baitute beren balioa”, adierazi du. Mikel Igartza baserriko ganbaran museo txiki modukoa osatu du dagoeneko, etxeko, inguruko baserrietako nahiz kanpotik ekarritako hainbat lanabes, tresna eta gailurekin. 
Foru Aldundiak bideratzen duen Ondasun Historikoaren sailean hainbat lan egindakoa da Agustin; tartean, baita Fermin Leizaola eta Roke Rezabalek bideratzen zuten Villabonako Sacemgo gunean ere, -gaur Irunen dute Gordailua-, eta, gaiak erakarrita, Agustin bera ere bilketa-lana egiten hasi zen.

Hamaika tresna eta gailu
Baserrian jaio eta hazia izanik, besteak beste, baserriko lan-tresna ugari du Agustinek bere bilduman: uztarriak, lardariak, laiak, hortz bikoak, labratzeko aizkorak, aitzurrak, artoa eta babarruna ereiteko garai bateko makina, artoa txikitzeko makinak... Igitaiak ere ugari, bai belarra nola garia ebakitzekoak, "etxean garia egiten genuen guk eta hura ebakitzeko igitaiak garranga izaten zuen, zerra bezala, rist-rist egiten zuen garia ebakitzean. Ez urte askoan, baina etxe aurrean bi lekutan izan genuen garia. Etxeko gariarekin egiten genuen ogia gero, errotan irina ehotuta".
Egun, askok zer diren ere jakingo ez duten lakaria eta gaitzerua, babarruna edota artoa neurtzeko egurrezko ontziak ere baditu, "lau lakarik gaitzeruka bat egiten dute eta lau gaitzerukak anea bat. Lakariak 3 kilo pasatxo ditu, gaitzeruak 12,5 kilo. Beraz, lau gaitzerukak 50 kilo egiten dute". Baita esne-banatzaileek marmitatik esnea eskatutako neurrian zerbitzatzeko litroko ontzia ere, "ontzi hau marmitan sartu eta behar zen kopurua ematen zitzaion erosleari eltzera. Ez zegoen tetra briken beharrik", adierazi du. 

Erremintak eta beste
Lanerako erremintak ere asko ditu: iltzeak, taladrorik ez zen garaian egurrean zuloak egiteko 'biribirjina', eskuilak, zinka landu eta soldeatzeko gailuak... Bisagren aurretik erabiltzen ziren piezak, leihoak edota ateak paretari iltzeekin lotzeko 'orpokoak', krisketak... Egurra mozteko, San Jose zerrak... "Sistema bitxia erabiltzen zuten zerra tentsatzeko, heldulekua askatuz eta gero sokarekin lotuz", azaldu du. Antzinako lan-tresna eta piezak estimu handitan ditu amasarrak, "hortik baitatoz ondorengo aurrerakuntza guztiak. Horrexegatik gordetzen ditut nik. Hemen geratuko dira norbaitentzat", dio. Piezak begiratu eta begiratu, ez da nekatzen. 
Begia jotzen diote burdinezko tresna zaharrek, "sekulako lanak egiten zituzten garai batean errementariek. Zenbat lan eta zein politak! Nik ezin ditut pieza hauek inondik ere bota. Nola ba?", esan du. Eta XX. mendean Villabonan lanean aritu ziren Pello Iribar eta Joxe Anjel Otegi errementariei egin die aipamena, haiek urtetan egin zuten lan bikainari. "Orain burdindegira joan eta behar den pieza erosten dugu. Baina orduan pieza bakoitza, sutegian egiten zuten, banaka-banaka".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!