Inauteriak 2020

Euskal mitologiako pertsonaiak, Ostegun Gizeneko protagonista

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 20a, 19:40

Euskal mitologiako pertsonaiek hartu dituzte gaur arratsaldean Villabonako kaleak, ohi denez, Ostegun Gizenean, inauteriaren etorrera ospatzeko. Zubimusu ikastolako kideak sorginez; Fleming herri eskolakoak, berriz, sorgin, lamia, tartalo, galtzagorri eta zanpantzarrez jantzita ibili dira kalejiran eta dantzan.

Errebote plazan ekin zaio mozorro festari, arratsaldeko 15:00ak pasatxo zirenean. Dantza emanaldien ondoren, txarangarekin girotutako kalejira abiatu da Kale Nagusian barrena. Kale Berria alde batetik bestera zeharkatuta, Santio zahar egoitzaraino joan dira mozorro festako protagonistak eta bertan dantza emanaldiak eskaini dituzte berriro, ikusleen gozamenerako. Egoitzaren atarian, zain-zain zeuden bertako egoiliarrak ere, inauteriaren kolore, doinu nahiz dantza alai eta biziez gozatzeko prest. Errebote plazan eman zaio bukaera jaialdiari, ohiko askariarekin.

Bihar, Ostiral Mehe, Aduna, Larraul, Asteasu nahiz Zizurkilgo ikastetxeen emanaldien txanda izango da Aiztondo bailaran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!