Leire Leturiak eta Kristina Aranzabek 'Begi nini ñimiñoa' kantua bertsionatu dute

Aiurri 2020ko mai. 22a, 12:45

Amasa-Villabonako Kultura Sailak eskatuta sortu dute bideoa Leire Leturiak eta Kristina Aranzabek. Tapia eta Leturia musikariena da 'Begi nini ñimiñoa' kantua, eta goi mailako musikarien kolaborazioarekin osatu da bideoa.

Leire Leturiak proposatu zion Kristina Aranzaberi `Begi nini ñimiñoa’ kantuaren bertsioa sortzea. Leire Leturiak azaldu duenez, "letra oso polita du. Hitz egiten du zer den unibertsoa, zer den Euskal Herria unibertso horren barruan eta metafora txiki bat, azkenean herri txiki guztiek biltzen dutela unibertsoa, eta denon artean egoera honi aurre egin ahal diogula".

Oinarri flamenkoan sortu da abestiaren bertsioa, eta aldi berean galiziar abesti tradizional bateko zatitxo bat sartu dute estrofa eta estrofa artean. "Nahiz eta Euskal Herriari zentratutako letra duen abestiak, egoera hau mundu guztian ari gara bizitzen, eta euskal folkari keinua egiteaz gain, haratago joan nahi nuen", zehaztu du Leturiak.

Goi mailako musikariak
Enrike Solinisekin abesten du Leturiak Euskal Barrokensemble taldean. "Enrikek asko daki flamenkoaren inguruan. Komentatu nion zertan ari ginen eta berak pasa zidan oinarria Paquito Gonzalez perkusionista famatuarena kajoia eta palmak jotzen. Besteak beste, Paco de Luciarekin ibilitakoa da Paquito. Enrikek bera ere animatuko zela esan zidan gitarra sartuz. Bere emaztea Miren Zeberio ere Euskal Barrokensembleko kide da eta eta biolina sartzen du. Pablo Martin ere da Euskal Barrokensembleko kontrabajista; jazz flamenkoan dago espezializatuta. Oso lan talde polita osatu dugu. Guztia Iker Laurobaren eskuetara pasa genuen nahasketa egiteko".

Herriko komertzioen alde
Bideoan herriko komertzio txikiei egiten zaie erreferentzia, herritarrak herrian bertan kontsumitzera animatuz: "Bideoarekin errealitate arraro hau transladatzen saiatu gara; herriko komertzioak pixka bat animatzeko eta baita herritarrak bertan erostera animatzeko ere. Intentzio horrekin osatu dugu behintzat".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!