Jon Padillari omenaldia, Etxe-Ondo auzoan

Aiurri 2020ko mai. 25a, 16:04

Arratsalde berezia izan zen atzokoa Villabonako Etxe-Ondo auzoan. Martxoaren 20az geroztik auzoa girotzen aritu den Jon Padilla Lopez gazteari esker oneko omenaldia eskaini zioten auzotarrek. Pozarren agertu da omendua:

"Oso pozik eta harrituta nago oraindik ere, auzotarrek izan duten detaile izugarri handiarekin", adierazi du Jon Padillak omenaldiaren biharamunean. Martxoaren 20az geroztik, megafoniaren laguntzaz, estilo ezberdinetako kantuak aireratu ditu iluntzero Etxe-Ondo auzoan. "Musika jarriz hasi nintzen aurrena, bingo jolasa eta musika partekatuz gero, eta azken boladan, Zumba saioak jarri ditut martxan, auzotarrak osasuntsu eta alai manten zitezen". Oso gustura egin du lan hori azken bi hilabete hauetan, musika aukeratzea ez baita aparteko lana izan Jonentzat, eta egiteko horrek konfinamendua arintzen lagundu diola esan du. "Poza ematen zidan, gainera, auzotarrak dantzan eta alai ikusteak". Guztiz esperogabean jaso zuen atzo iluntzeko omenaldia, "ez nuen inondik ere halakorik espero, eta eskerrak eman nahi dizkiet auzotarrei. Dudarik gabe, auzokide bikainak ditugu", dio. 

Haitira hegaldi-txartela

'Zorionak zuri' kantuaren doinuan 'Eskerrik asko zuri' abestu zioten auzotarrek aurrena. Sofia Quilezek ahots goran abestu zuen aurreskua dantzatu zuten gero, Maite Arizeta eta Ainhoa Merino ama-alabek, hainbat auzotarrek 'Eskerrik asko Jon, bihotz-bihotzez' zioen pankarta zabaltzen zuten bitartean. Txaloak izan ziren nagusi. Jon Padilla auzotarren artera jaitsi zen omenaldiaren amaieran, eta oparia eman zioten orduan. Haitirako hegaldi-txartela, hain zuzen. Izan ere, kontzientzia sozial handiko pertsona da Jon, eta 2013az geroztik, urtero joaten da Haitira bertako herritarrak lagundu eta haur nahiz gaztetxoei musika irakastera. "Apirilean joateko asmoa nuen aurten, baina koronabirusa dela eta ez nuen joaterik izan. Aurrerago joango naiz, horretarako aukera sortzen denean. Benetan eskertuta nago auzokideen opariarekin, diru-bilketa egin dute euren artean, eta oraindik ere ezin dut sinestu atzo gertatutakoa. Eskerrik asko bihotzez, oso polita izan zen", azaldu du hunkituta.

*Bideoak eta argazkia: Leire Padilla Lopez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!