“Agerian geratu da Amasa-Villabona herri solidarioa dela”

Ainhoa Arozena 2020ko mai. 30a, 09:30
Arantxa Lopez, Amasa-Villabonako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia elikagaiak banatzen

Arantxa Lopez Luloaga Amasa-Villabonako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia

Krisiaren aurretik, herritarren batezbesteko errentaren datuak argitaratu zirenean, Amasa-Villabona Gipuzkoako bigarren herri pobreena zen. COVID-19aren eraginez, gogortu egin da egoera

Herritarren batezbesteko errentaren datuak ezagutarazi zirenean, Udaleko kideei begia jo zien Amasa-Villabona Gipuzkoako bigarren herri pobreena zela jakiteak. “Zailtasunak egon bai baitzeuden, baina ondoko herriak bezala bizi ginen, eta ez genuen halakorik uste. Orain badakigu familia-errenta baxuagoko herria garela”, adierazi du Arantxa Lopez zinegotziak.

Nola eragin du COVID-19ak eragindako krisiak Amasa-Villabonako herritarren etxeetan? 

Egoera zaila jarri du argitan. Gizarte Zerbitzuetatik gogor aritu dira lanean lehen momentutik. DBE - RGI (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen duten 128 familia genituen herrian, 265 pertsona guztira. DBE jasotzeko, noski, hainbat baldintza bete behar da; eta kasu batzuetan nahikoa baldintza bidegabeak dira kopuru txikiak kobratzeko. Pertsona bakarra bazara 680 euro, haurrekin bizi bazara 900 euro inguru. DBE jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten herritarrak ere badira, eta horiek GLL / SAE (Gizarte-Larrialdietarako laguntzak) jasotzen dituzte. Amasa-Villabonaren kasuan, beste 33 familiak. Une honetan, GLLei esker bizi ziren familiek laguntza hori jasotzen ez dutenez, lanik ez badute behintzat, ez dute alokairua ordaintzeko ere. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, ezintasun horiek gehitu egin direla nabaritu dugu. Egoera okertu egin da. Atzerritarren legea oso gogorra da. Haietako gehienak ezkutuko ekonomian ari dira lanean, eta zailtasun handiekin bizi dira.

Egoera horren aurrean zein paper jokatu du  Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak?

Lehen momentutik erantzun du Udalak, martxoaren 16tik bertatik, eta eskerrak eman nahi dizkiet Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariei: Itziarri, Mentxuri, Maialeni eta Nekaneri, egin duten lan nekaezinagatik. Osakidetza herritarren osasunaz arduratu da buru-belarri, eta guk, erakunde bezala, bestelako behar hauei erantzun diegu, egunerokotasunari erantzuteko zailtasunak dituzten pertsona horiek ez dezaten osasunik gal. Janaria da eskubiderik oinarrizkoena, eta behar zutenei janaria banatzeari ekin genion. Izan ere GLL bidez laguntza jasotzen zuten herritarrei Caritasek ematen baitzien laguntza, baina Caritasko herriko taldekideak adineko pertsonak direnez, ezin zuten zuzenean lanean aritu, eta udaletxetik Oiartzungo Elikagai Bankuko kideei dei egin genien haien laguntza jasotzeko. Momentu hartan konbeniorik ez genuenez, Zizurkilgo Udalak lagundu zigun janari-eskaera horretan. Gora egin du janari beharrean dagoen herritarren kopuruak, 150 herritarrentzako janaria banatu dugu guztira. Astero, konfinamendua hasi zenetik: ostegun eta ostiraletan.

Elikagai Bankuari esker ez ezik, nondik eskuratu dituzue herritarren artean banatzeko elikagaiak?

Gizarte Zerbitzuetako teknikariek eta Udaleko kideek argi genuen elikadurarako oinarrizko eskubidea bermatu egin behar genuela, eta Elikagai Bankura jo genuen lehenik. Baina herritarrek ere sekulako eskuzabaltasuna erakutsi dute, eta, besteak beste, Musturinea harategiko Estanisek berehala deitu zigun inor gosez egoterik nahi ez zuela eta, mimo handiz prestatutako elikagaiak eskainiz. Harategiko hainbat bezerok ere diru-kopuru garrantzitsuak eman dituzte herritar guztiek jateko aukera izan dezaten. Baratz barazki eta fruta-dendako BegoÒak barazki freskoak ekarri dizkigu... Bestalde, Gurutze Gorritik hainbat supermerkatuk dohaintzan emandako bestelako elikagaiak ekartzen dizkigute… Lasaitasuna ematen du ezinean dabiltzan herritar horiei janariaren gastua behintzat kendu ahal izateak, modu horretan, etxearen alokairua edota bestelako gastuei aurre egiteko aukera baitute.

Janari banaketan ez ezik, lan ezberdinak eginez herritar ugarik hartu du parte boluntario taldean, eta pozik agertu dira guztiak. Udaletxeko brigada maiz joaten da Oiartzungo Elikagai Bankura elikagai bila. Herritar batek 3.500 maskara eman ditu dohaintzan pertsona helduen artean banatzeko… Guztiok jarri dugu ahal duguna. Agerian geratu da Amasa-Villabona herri solidarioa dela. Krisi honek alde onak ere izan ditu, guztia ez da iluna. Balore garrantzitsuak azaleratu ditu: etika, enpatia handia… Bizi garen sistema izugarri honen aurrean geratu eta aktiboki entzun eta erantzutea ezinbestekoa da.

 

Elkarrizketa osorik, maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatu den 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!