Oroitzapen goxoak, iluntasuna argitzeko

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 2a, 09:10
Ernesto eta Carmen Fuente San Sebastian anai-arrebak, Oria inprimategiaren aurrean

Maria Jesus San Sebastian Oiarzabal billabonatarra martxoaren 26an zendu zen koronabirusaren eraginez. 88 urte zituen, baina urteak urte, sasoiko emakume osasuntsua zen birusak kutsatu aurretik.

Carmen eta Ernesto Fuente anai-arrebek ama denbora baino lehen joan dela uste dute, “oraindik bizitza geratzen zitzaion”, diote. COVID-19ak Txinara ekarritako ondorioak telebistaz ikusten zituzten elkarrekin maiz, eta hona ere iritsiko zela hizketan aritzen ziren. Baina inolaz ere ez zuten pentsatu euren etxera etorri, eta halako kaltea eragingo zuenik. “Martxoaren 9an gaixotu zen ama, eta 26an hil zen. Ingresatu zutenean ez genuen uste koronabirusa zuenik, ez baitzuen ohiko sintomarik izan. Oso nekatuta aurkitzen zen eta gaixorik zegoela esaten zuen, ‘gaizki sentitzen naiz, baina ez dakit zer dudan. Ez dut horrelakorik inoiz sentitu: ez da gripea, ez katarroa, ezagutzen ez dudan zerbait da’ zioen”. Seme-alabek pena dute ospitalean bakarrik egon behar izan zuelako, eta bukaera oso gogorra izan zelako, “ama ohartu egiten baitzen zer zetorkion, eta Whatsappez, audio bidez, honetatik aterako ote zen ez zekiela esaten zigun”. Gogorra izan zen amaren heriotza urruntasunean, eta gogorra, ama hil ondorenean, seme-alabek berrogeialdia bakartuta igaro beharra, ingurukoen gertuko babesik sentitu gabe. Poliki-poliki, ari dira pixkanaka indartzen. Eurek ere ez dute sintomarik izan, baina protokoloari jarraituz, berrogeialdia bete dute, eta zain daude epe laburrean froga egingo ote dieten, antigorputzik ba ote duten jakiteko behintzat.

Axun mertzeria

Bien bitartean, oroitzapen goxoak gogora ekarriz egiten dute aurrera. Familia ezaguna da herrian, Amasa-Villabonan garai bat markatu zuen Galerias Maria Jesus denda ezaguneko kideak dira. Gurasoek elkarrekin zabaldu zuten denda Kale Nagusian 1961eko urtarrilaren 2an, baina aurretik ere bidea egina zuen dagoeneko amak Axun mertzerian. Izan ere, garai haietarako, Maria Jesus San Sebastian ama oso emakume ekintzaile eta ausarta izan zela diote seme-alabek, “1931. urtean jaio zen ama Villabonako Karkaroan, Santio kalean. Gerora, Kale Nagusiko 71. zenbakira igaro zen familia bizitzera, eta etxearen azpialdean, Axun mertzeria zabaldu zuen amonak 1945 urtean. 14 urte zituen orduan amak, baina izugarri gustatzen zitzaion langintza hura, eta oso gaztetxotan hasi zen amonarekin batera dendan lanean. Bizkorra zen, eta oso langilea. Mertzeriako gaiak saltzeaz gain, josi eta brodatu ere egiten zuten. Horixe zen amaren pasioa, bere bizitza”. Mugimendu handia izan zuen denda hark, eta inguruko herrietatik ere bezero asko etortzen zitzaien. Seme-alabek gogoratu dutenez, Elbarrenan esaterako, oraindik elizarik ez zegoen garaian, Villabonakora etortzen ziren igandetan goizeko 06:00etako mezetara zizurkildarrak. “Askok mezetatik aterata, dendako aldaba jo eta behar zutena erosten zuten: galtzerdiak, botoiak, kremailerak, hariak…, haietako batzuek ezin izaten baitzuten astean zehar etorri. Historia handiko denda izan zen. Gerra ondorena zen, eta ez zegoen ia jenerorik ekartzeko. Oihala ekarrita, amak eta amonak jositako arropak saltzen zituzten asko”.

Galerias Maria Jesus

Pedro Fuente aita, berriz, Burgosko herri txiki batekoa zen: Burebakoa. Hamaika anai-arreben artean zaharrena. Soldadutza egitera Madrilera joan zen, eta bukatutakoan, bertan geratu zen osaba-izeben etxean bederatzi bat urtez; hirian lanean eta ikasten. Udako oporraldi batean Burgosera itzulita, bertan ezagutu zuen emazte izango zuen Maria Jesus. “Burgosko herri hartakoak ziren Kale Nagusiko amaren etxeko bizilagunak, eta haiekin batera joan zen ama egun batzuk igarotzera. Aita ezagutu zuen orduan, eta geroztik, gutun bidez jarraitu zuten harremana, tarteka aita bisitan etortzen bazen ere. Hainbat urte eta gero, aita Villabonara etorri, eta 1955.  urtean ezkondu egin ziren. 1961. urtean zabaldu zuten Galerias Maria Jesus denda, eta elkarrekin ekin zioten bizitza profesionalari ere”. Galerias Maria Jesus, helduentzat bezala, bereziki haurrentzako paradisua zen, noiz eta Gabon garairako erakusleiho handietako bat jostailuz betetzen zutenean. Erakusleihoez gain, ordea, leku berezia zen denda barrua ere: zabala, luzea, gauza erakargarri ugariz betea. Izan ere, denetarik saltzen zuten bertan. Mertzeriako gaiak, kortinak, opari eta apaingarriak, jostailuak… “Baita etxetresna elektrikoak ere!”, gaineratu dute seme-alabek, “josteko makinak beti saldu izan ziren, baina boladaka, bestelako etxetresnak ere bai: hozkailuak, garbigailuak, irratiak… Kanpoko herrietatik etortzen hasi zirenean, emigranteek ez zeukaten dirurik, eta gurasoek epeka ordaintzeko aukera eskaintzen zieten, -baita ezagutu gabe ere-, bestela ezin baitzuten erosi. Oraindik ere hainbatek eskertu egiten digu gurasoek emandako babes hura”, azaldu du Carmenek. Aipatutako guztiaz gain, amak egindako haurrentzako arropak, sehaska nahiz ume kotxeetarako maindire eta osagarriak, baserritar jantziak, eginda ekarritako arropak edota zapatak ere saldu izan zituztela gogoratu dute, “denetik! Orduan ez zen hiriburura edo beste herrietara erosketak egitera joateko ohiturarik: herrian bertan egiten ziren erosketak, eta inguruko herri txikietakoak ere bertara etortzen ziren. Harreman estua sortzen zen dendari eta bezeroaren artean, eta konfiantzan eskatzen zuen bezeroak behar zuena”. Galerias Maria Jesus, denda izateaz gain, gestoria edota herritarren bilgune izan zela aipatu dute. “Zenbat jostuni egin ote zizkion autonomo paperak gure aitak!”.

 

Erreportajea osorik (hainbat argazkirekin batera), maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatu zen 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!