Fleming Herri Eskolaren 50. urteurreneko abestia

Aiurri 2020ko mai. 27a, 16:31

Fleming Herri Eskolak 50 urte bete ditu aurten. Urteurren borobila ospatzeko, abesti berria sortu eta grabatu dute eskolako kideek '50 urte geroa pasaka' izenburupean. Herriko hainbat artista eta musikarik sortu dute abestia, eta eskolako umeek laguntzarekin grabatu. Koronabirusaren krisia pasatzean, bideoklipa grabatzeko asmoa dute eskolako kideek.

Urteurreneko abesti berria Inaki Lizaso (Bihozkada) eta Yerai Gasconek (Habi) elkarlanean egin dute baina, bi ikasle ohi hauez gain, beste hainbat lagun izan dira abestian parte  hartzen; Oihana Iguaran, ikasle ohia hau ere (letra eta ahotsa), DZ Zigor Lampre (musika), Jon Ander Artola (bateria), Javi Rivero (baxua) eta Gorka Lizaso (ahotsa eta gitarra). Elkar estudioan grabatua izan da eta ahotsetan hainbat ikasleren laguntza ere izan dute.

Egoerak uzten duenean, bideoklipa grabatu nahi dute eskolako kideek. Bideokliperako prestatzen joateko baliabideak eskaini dituzte www.flemingeskola.eus gunean. Batetik, abestia eta honen letra zintzilikatu dituzte. Bestetik, bideoklipa grabatzeko egin beharreko koreografia ere jarri dute. Koreografia Eneritz Ugartemendia (ikasle ohi, irakasle eta Oinkariko kideak) eta Oier Labordek (ikasle ohi eta Aukeran konpainiako dantzariak) sortu dute.

Letra:

Geroa pasaka

Elkarrekin
ta guztientzat
zabalik
daude ametsak
eutsiko
gaitun hesola
da Fleming
herri eskola

Mende erdiz
zenbat kolore
jatorri
eta balore
ortzadar,
berde zein more...
anitzak
bagara hobe!

Altxor diren mila
une pasata
Berrogeita hamar urtean
geroa pasaka
elkarren eskutik
bidea egin
hemen denok berdin:
hi!?
ba al hator gurekin? (/beraz hator gurekin)


Oihana Iguaran

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!