Elikagai eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa herrikoia

Aiurri 2020ko eka. 6a, 17:18

Amasa-Villabona Berpiztu herri ekimenak antolatuta, beharrean dauden herritarrentzako elikagai eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa herrikoia egin dute gaur goizean, herriko saltoki nahiz supermerkatuen atarietan.

Elikagaiak nahiz bestelako material ugari bildu, eta guztia udaletxe azpiko biltegian jaso dute, bertatik bertara, ostiralero beharrean dauden herritarrei zuzenduta egiten den banaketarako. Herritarrek ondo erantzun dutela adierazi dute bilketa lanetan aritu diren boluntarioek, jende askok ekarri dituela elikagaiak nahiz bestelako produktuak. Hilabetean behin bilketarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute, eta baita gai horren ardura bere gain hartuko duen elkarte legala sortzekoa ere. "Amasa-Villabonako Udalak bideratu du orain artean elikagai bilketaren arloa, eta aurrerantzean, Udala laguntzaile izango bada ere, elkarte legal horrek antolatuko luke egin beharrekoa", azaldu dute Beatriz Unzue alkateak eta Ander Goikoetxea zinegotziak. Boluntarioz osatutako elkartea izango litzateke, eta bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian lagunduko luke bertan. Elkartearen martxa antolatzeko bilera irekia egingo dute ekainaren 17an, asteazkenean, arratsaldez, udaletxeko batzar aretoan. Janari bilketaz gain, bestelako ekimenak ere antolatuko lituzkete aipatu elkarteko kideek. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!