Bizitza koloreztatuz, buru-belarri lanean

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 16a, 09:10
Nahikari Iturbe eta Lurgi Zalakain, Kaori Faktorian.

2018ko irailean zabaldu zuten Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbe lagun billabonatarrek Kaori Faktoria Villabonako Kale Nagusia 26an. Bidean aurrera doaz geroztik, “konturatzerako”, bigarren urtearen atarian. Pozarren, bizitza janzteko beste modu bat bideratzen.

Kaori proiektuarekin hasi baino lehenagotik ere, harreman estua zuten Lurgi Zalakain eta Nahikari Iturbek Afrikarekin. Nahikari hilabete dezentetan ibilia zen Afrikako txoko ezberdinetan, eta baita Lurgi ere: afrikar dantzen bitartez. Harreman hori indartuz joan da azken bi urte hauetan.

‘Bizitza janzteko beste modu bat’, horixe Kaori Faktoriaren leloa. Moda jasangarria egiten dute, arropa nahiz osagarriak, pausoz pauso, euren eskuekin ekoitziz. “Kolaborazioak ere baditugu: biserak, esaterako. Guk sortu nahi genuen lana izanagatik, Donostian lan hori egiten zuen pertsona bat bazela jakin genuenean, elkarlanean hasi ginen Denborrekin, ‘Denboraren Orratza’. Serigrafia BeÒat Iraolak lantzen digu, Aldai serigrafia-lanak egiten dituen hernialdetarrak. Zatzaizkit markarengatik da ezagunagoa agian”, azaldu dute. Eskulana eta elkarlana, beraz, gertutik gertura. Beti gustatu izan zaio moda Lurgiri, “baina kosta egin izan zait nire gustuko arropa topatzea. Gustuko arropa hori sortzea zen nire ametsa, eta hortik dator arropa egiteko gogoa”, argitu du. Nahikarik, berriz, euren diseinuen inguruan hitz egin du: “nahikoa sinpleak dira diseinuak: azken batean, oihalak hartzen baitu garrantzia. Oihal afrikarrak bizi-biziak eta estanpatu indartsukoak dira. Berez nahikoa indar badutenez, diseinu sinpleak sortzen ditugu. Eta egia esan, oso harrera ona izan dute”.

Afrikan barrena

Afrikar oihalak, biziak, indartsuak, erakargarriak, bereziak... dira. Afrikara gerturatzen direnean, afrikarrek egunerokoan bertako oihalekin egindako gero eta arropa gutxiago erabiltzen dutela konturatuta daude Nahikari eta Lurgi. Gero eta mendebaldeko arropa gehiago erabiltzen dutela. Eta horretan, guk ere erruaren zati bat badugula uste dute. “Arropaz betetako kontainer ugari iristen da hemendik laguntzeko asmoz Afrikara, baina haien nortasuna galtzen ari da pixkanaka. Era berean, hango jostunei ere lana murriztu egiten zaie 'laguntza' horrekin; lehen oihala erosi eta eskuz sortzen baitzituzten arropak. Kate hori puskatu egiten da mendebaldeko arropa bidalketekin”.

Maiz joaten dira Kaori Faktoriako arduradunak Afrikara oihal berriak ekartzera, “ahal dugun guztietan”, esan dute, irribarretsu. Urtean pare bat buelta behitzat egiten dituzte, eta hango oihal biltegi handietan baino, azokako postu eta denda txikietan gustuko oihalak aukeratu eta erostea dute gogoko. “Modu horretan dirua banatu egiten dugu batean eta bestean. Azokatan emakumeak aritzen dira lanean bereziki, eta haien ondoan eserita hizketan aritzea gogoko dugu. Haientzat pozgarria da gu han ikustea, lana ematen baitiegu”. Lana emateaz gain, poza ere bai, “harrituta geratzen dira hango oihalekin egiten ditugun lanak ikusten dituztenean”.

Biserak, indarrean

Faktoriaren baitan, boladaka nabarmentzen da prenda bat edo beste. Esaterako, oraintxe biserak dituzte indarrean, “bisera asko saltzen dugu uda partean, baina kamiseta eta jaka itzulgarri asko eskatzen digute udarako. Kimonoak udazkenerako eta buff edo jertseak negurako. Turbante, nezeser, karteratxo edo poltsak ere asko saltzen dira oparitzeko, eta asko egiten ditugu urte guztian zehar”.

Helduentzat bezala, haurrentzat ere egiten dute lan; etxeko txikienentzat ere eskaera handia jaso baitute bezeroen aldetik. “Haurrentzako osagarri txikiekin hasi ginen, baina geroztik haurrentzako arropak ere egiten ditugu, bezeroen eskaerei erantzunez”, diote.

Maskarak

Koronabirusa iritsi zenean, lehen asteetan kokatu ezinik ibili arren, ez dute lanaldirik eten. “Hasierako blokeo-egoera gaindituta, lanari ekin genion gero, eta egia esan, lan asko izan dugu”. Hiru bat astez ia bururik altxatu gabe aritu dira sekulako arrakasta izan duten maskarak josten (Aiurrin zozkatu da haietako bat ‘Zozketa’ atalean). Hiru oihal mota ezberdinekin osatu dituzte maskara dotoreak, hiru neurri ezberdinetan: haur, gazte nahiz helduentzat. “Sare sozialen bidez aritu gara lanean, eta oso ondo erantzun du jendeak. Online ikastaroak ere eskaini ditugu, eta laster aurrez aurreko ikastaroekin hastea gustatuko litzaiguke”, aurreratu dute.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 562. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!