Uztailerako aisialdi eskaintza berezia antolatu da, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean

Aiurri 2020ko uzt. 1a, 09:21

Aurtengoan, COVID-19aren osasun larrialdiagatik ezarritako segurtasun baldintzak betetzeko ezintasunaren ondorioz, ezinezkoa izan da "Oporretan euskaraz" ohiko udalekuak antolatzea. Arazo honi aurre egin nahian, udal ordezkariak herriko hainbat eragileekin biltzen hasi ziren, uztail berezi honetan, gutxienez, aisialdi programazio bat antolatu ahal izateko. Azkenean, elkarlanak fruituak eman ditu eta "Berpiztu Amasa-Villabona" herri dinamikaren baitan, aisialdi eskaintza zabala antolatu ahal izan da haur, gazte, heldu eta adinekoentzat.

HAURRAK: 6-11 urte

Haurrei dagokionez, Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari diren haurrei zuzendutako saioak antolatu dira. Saio horietan, txikiek jokoak, kirolak, eskulanak eta beste hainbat ekintza dibertigarri egiteko aukera izango dute, gehienez 13 haurreko 2 taldetan banatuta (gehienez 26 haurrek eman ahal izango dute izena adin tarte bakoitzeko). Uztaila bi hamabostalditan zatitu da eta  bi txanda izango dira: lehena uztailaren 6tik 15era, eta bigarrena uztailaren 20tik 29ra. Saioak astelehen, astearte eta asteazken arratsaldetan izango dira eta adinaren arabera horrela banatuko dira:

  • LH1-LH2: 16:00etatik 17:30etara.
  • LH3-LH4: 17:30etatik 19:00etara.
  • LH5-LH6: 19:00etatik 20:30etara.

GAZTELEKUKO ESKAINTZA

Gazteek Katea Etxea Gaztelekuko monitoreekin ekintza ezberdinak izango dituzte aukeran: ping-pong txapelketa, ginkana, bizikleta txangoak, zaldian ibiltzeko aukera, piraguismoa... Hauetako ekintza batzuk ordaindu egin beharko dira.

HELDU ETA ADINEKOENTZAT IKASTAROAK

Helduentzat eta adinekoentzat Zunba eta Mantenu gimnasia saio edo ikastaro laburrak antolatu dira, uztailaren 6an hasita. Saio hauek Txermin auzoko Ikastola azpiko eremuan eskainiko dira, segurtasun baldintza guztiak betez:

  • Mantenu Gimnasia: astelehen eta asteazkenetan, 09:00-09:45 edo 10:00-10:45. Saio hauek 65 urtetik gorako herritarrentzat izango dira.
  • Zunba: Astearte eta ostegunetan, 09:00-09:45 edo 10:00-10:45.

IZEN-EMATEA:

  • Haurrak / helduak: uztailak 1 eta 2 (asteazken eta ostegun honetan), 16:00etatik 18:00etara udaletxeko arreta zerbitzuko bulegoan.
  • Gazteak (13-16 urte artekoak): uztailak 2 eta 3 (osteguna eta ostirala), 10:00-12:00 Gaztelekuan.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekimen hauen antolaketan laguntzen ari diren herriko eragileetako kide guztiei eta boluntario gisa lan egiteko prest agertu diren herritarrei. Beraien gogo eta inplikazioari esker izan da posible aisialdi eskaintza hau osatzea.

KONTZILIAZIORAKO DIRU-LAGUNTZA BERRIA PRESTATZEN

Amasa-Villabonako Udala oso kontziente da aisialdi eskaintza hau, oso mugatua dela ohiko udalekuen aldean eta horrek kontziliazioa arazoak sor ditzakeela hainbat familiatan. "Tamalgarria eta penagarria izan da egunero eta goizez izaten ziren udalekuak ezin antolatu izana, baina ahaleginak egin arren ezinezkoa suertatu da, prestatuta zegoen kontratua ezin izan delako egungo egoera berezira egokitu", adierazi dute. 

Ondorioz, udala familia-kontziliaziorako diru-laguntza lerro berri bat prestatzen ari da eta epe motzean onartu eta indarrean jartzea da udal gobernuaren helburua. "Diru-laguntza honekin, kontziliazio arazoak dituzten guraso edo tutoreek haurra/k zaintzeko zaintzaileen kontratazioa lagunduko da; kontratuaren portzentaje bat udalak ordainduko du. Portzentaje hori progresiboa izango da, hau da, diru-sarrera txikiagoak dituzten familiei, zaintzailearen kontratuaren portzentaje handiagoa ordainduko zaio udaletik. Familia-kontziliazioaren arazoa edozein garaitan gertatzen denez, laguntza hauek ez dira uda sasoira soilik mugatuko eta urte osoan zehar banatuko dira".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!