Hasi dira Fleming Herri Eskolan estalpe berria egiteko lanak

Aiurri 2020ko abu. 21a, 11:15

Bi hilabete iraungo dute lanek. Urbycolan enpresa gipuzkoarra arduratuko da patioko estalpe berria eraikitzeaz eta aurrekontu osoa 56.203,94 eurokoa da.

Aste honetan hasi dira Arroa auzoko Fleming Herri Eskolako patioan estalpea berria egiteko lanak. Eskolako patioko 125 metro karratu estaliko dira.  Proiektua gauzatzen denean Fleming Herri Eskolako haurrek (Arroako eraikinean haur hezkuntza eskaintzen da) azalera handiagoa izango dute estalita, euritik salbu. Horrela, euria egiten duenean erabilgarria izango den espazioa nabarmen handituko da. Patioaren hegoaldeko eta mendebaldeko aldeetan zabalduko da estalpe berria.

Pasa den kurtso amaieran Amasa-Villabonako Udalak eta Fleming Herri Eskolako zuzendaritzak proiektua gauzatzea adostu zuten, udalak urtez urte eskola publikoan inbertsioak egiteko martxan duen programaren baitan. Urte hasieran Eusko Jaurlaritzari diru-laguntza eskaera egin zitzaion, baina Jaurlaritzak maiatzean jakinarazi zuen ez zuela proiektu hori diruz lagunduko.

*Argazkiak: Amasa-Villabonako Udala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!