Aukera zabala eta giro bikaina Irrintzi elkartearen 25. Azoka Berezian

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 12a, 11:07

Goizeko 09:30ean zabaldu da Irrintzi elkarteak antolatutako Azoka Berezia Erreboteko plazan. Bide luzea egina du dagoeneko azokak, 25. edizioa baitu aurtengoa. Egoerak hala eskatuta, hainbat aldaketa egin badituzte ere, eguraldi bikainarekin ekin diote egunari.

Denetariko artisauak bildu dira plazan, produktuen aukera zabala eskainiz: elikagai, edari, apaingarri,  osagarri..., 24 postu guztira. 14:30ak arte egongo da zabalik, eta eguerdian jakinaraziko da nork jasoko duen posturik onenaren saria. Segurtasun neurriak bermatuz, norabide berean egin beharko da postutik posturako bidea, tarteak errespetatuz.

Era berean, 12:30ean Aizondo bailarako elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketako irabazlea ere ezagutaraziko da. 

Bitartean, azokaz gozatzeko egun ederra gaurkoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!