Kilometroak 2020

Biharko euskal eskola mintzagai, Kilometroak Astearen baitan antolatutako mahai-inguruan

Ainhoa Arozena 2020ko urr. 2a, 11:57

Kilometroak Astearen baitan, ‘Biharko Euskal Eskola’ mahai-ingurua egin zen atzo iluntzean Amasako kultur etxean. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Xabier Sarasua Hik Hasiko kidea eta Maite Azpiazu OinHerriko koordinatzaile eta herri hezitzailea aritu ziren hizketan. Zigor Leunda billabonatarrak gidatu zuen saioa. HEIZE Euskal Eskola Publikoko kideak ere gonbidatu zituzten solasaldira, baina ezin izan zuten gerturatu.

Bi gai nagusiri heldu zieten hizlariek. Batetik, zein egoeratan ikusten duten euskal eskola nahiz hezkuntza COVID garaian, eta bestetik, nola irudikatzen duten biharko euskal eskola.

Koldo Tellituk ekin zion hizketaldiari, eta euskararen normalizazio eredua hezkuntza eremuan kezkagarria dela esanez abiatu zen. Pandemiaren aurretik egoera kezkagarria bazen, pandemiaren ondoren oraindik eta kezkagarriagoa dela adieraziz: "pandemia garaian, kasu batzuetan, ikasle askok ez dutelako euskaraz hitz egin, eta eragin handia izan du horretan aurrez aurreko jarduna galtzeak”. Bestalde, hizkuntza ereduek desgartu egin beharko luketela esan zuen, hainbat programa martxan dituztela, eta formula berriak aurki litezkeela bide horretan. Euskal kulturgintzako eragileekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da Ikastolen Elkarteko lehendakariarentzat.

Segurtasuna eta hezkuntza prozesua osagarriak ez diren bi prozesutzat jo zituen: kontraesanak eta zailtasunak sortzen direla ikastetxeetan segurtasun neurriak bete eta hezkuntza prozesua aurrera eramaterakoan. Hala ere, aurrez aurrekoaren beharra nabarmendu zuen, “eskola curriculumeko edukiak trukatzeko baino zerbait gehiago baita”. Pandemiak gai askoren inguruan birpentsatzea ekarri du Tellituren ustez: ordutegien malgutasuna, ikaslearen autonomia eta ardura, ebaluazioa hezigarri egiteko tresnak, natura eta kanpoko espazioak erabiltzea... Baina, esan zuenez, "eskola da hezkuntza eredu garrantzitsuena zaurgarrienen artean bereziki, eta aurrez aurrekoak bermatzen du ondoen".

Xabier Sarasuak, Hik Hasiko kideak, pandemia egoera berezi honetan ikastetxeak nola sumatzen dituzten azaldu zuen. ”Ikasleak gogotsu hasi dira, esaneko, lagunak ikusteko irrikitan. Irakasleak arduratsu, lanez gainezka eta arlo pedagogikoari gogotsu heltzeko gogoz. Zuzendaritza taldea gainezka eta bete beharreko kontingentzia planekin haserre. Gurasoen artean denetik, baina gehienak konfiantzaz”. Hezkuntza saila eta gobernuaren aldetik baliabide gutxi bideratu dela adierazi zuen, eta protokoloetan alderdi emozional eta pedagogikoari denbora gutxi eskaini zaiola. Hortik iritsi direla kritikak. Erradiografia hori eginda, lehendik zeuden hainbat hutsune indartu egin dira Hik Hasiko kidearen ustez. "Eskoletan segurtasun neurri asko betetzen ari dira, baina benetan kezka dago egoera horrek ez ote gaituen atzera eramaten". Ondorioz, hausnarketa sakona egin behar dela uste du.

Era berean, adierazi zuenez, eskolak kontingentzia planak ondo betetzen baino hezkuntza eskaintzan jarri behar du begia, eta behar adina ona ote den aztertu. Modu horretan, zalantzaz eta zailtasunez betetako egoerari aurre egin behar zaio, “garrantzizkoari helduz, oreka egokia bilatzeko”.

Maite Azpiazu OinHerriko kideak, bere aldetik, ikasleak erdigunean jarri behar direla gaineratu zuen, baina ikasturte hasiera honetan ezer gutxi galdetu zaiela haurrei; eta sei hilabetez gerturatu gabeko espazioan oso neurri ezberdinak topatu dituztela. Haurrak protagonista izateko, nahitaezkotzat jo zuen haien iritzi eta kezkak jasotzeko kanalak sortzea, ikasleen hitza ere erabakietan txerta dadin. “Denontzako eskola egin behar dugu, haurrekin batera. Haientzat egiteko baino haiekin egiteko momentua da. Garrantzitsua da ikasleei nola dauden galdetzea, maskarekin nola sentitzen diren, nola bizi dituzten hartu beharreko neurriak. Izan ere, segurtasun neurriak behar dira, baina duintasunarekin. Zirrikituak bilatu behar dira, posible delako”.

Euskararen harira, OinHerriko kidearen aburuz, euskara ez da inolaz ere eskolaren ardura soilik. Herriratu egin behar da, “etxean, kalean edo aisialdian erabiltzen ez bada hankamotz geratzen baita eskolan bakarrik sustatuta. Eskolak herritarra izan behar du, komunitatean txertatua”, adierazi zuen.

Biharko euskal eskola

Biharko euskal eskolaren inguruan, euskal hezkuntzak eraldaketa handi baten premia duela ekin zion bigarren gaiari Hik Hasiko kide Xabier Sarasuak, eta nolakoa izan beharko lukeen irudikatuz, hiru oinarri azpimarratu zituen:

1.- Komunitatea eta komunitaterako. Familian, herrian, aisialdian nahiz eskolan heziz, eta parte hartzeko bideak ezarriz.

2.- Bizitzarako hezi: Heziketa jardunak baliagarria izan behar du bizitzeko. Haurrak ingurunearekin nahiz ingurukoekin harremanetan hezi behar dira.

3.- Herritar euskaldun eleanizdunak. Euskararekin batera, hizkuntza gehiago erabiltzeko gaitasuna bultzatu. Ikaslea bertako hizkuntza eta kulturaren jabe hezi, mundura abiatzeko.

Pauso horiek guztiak emateko Europan zehar dauden errealitateak kontuan hartzea proposatu zuen. “Hemen ere beste era bateko hezkuntza sistema posible dela sinestu behar dugu, eta adorea behar da aurrera egiteko. Sistema publiko, autonomo, bateratzaile eta planteamendu ezberdinek lekua beharko lukete”.

Koldo Tellituk publikotasuna Europan zehar modu ezberdinen ulertzen dela esan zuen, eta salto kualitatiboa eman behar dela. Euskal Herrian, Europatik eta bertan egindakotik ikasita eraiki behar dela euskal hezkuntza. Besteak beste, konpetentzia digitalari lotuta erronka handia dagoela nabarmendu zuen, eztabaida sakonak behar direla bizi-bizirik dagoen gaia ondo bideratzeko. Pandemia ezerezetik sortu ez denez, arlo klimatiko eta ekologikoari duen garrantzia eman behar zaiola: hain zuzen ere, hezkuntzak bat  egin behar duela naturarekin. Era berean, euskal hezkuntzak euskal kulturarekin lotura estua behar duela defendatu zuen, “euskal hezkuntza ezin uler baitaiteke kulturarik gabe”.

Biharko euskal hezkuntza eta eskola ez dira sinonimo Maite Azpiazurentzat. Adierazi zuenez, eskolak lana du egiteko, baina eskolaren ardura konpartitua da. “Eskola komunitateak eskola eta familia baino zabalagoa izan behar du, herrigintzako figurak ere tartekatuz. Norbanako, eragile, elkarte edo administrazio publikoek hezi egiten dute. Gutako bakoitza hezitzaileak eta hezigarriak gara”. Etorkizuneko eskola irudikatzerakoan, figura horiek guztiak kontuan hartu eta modu kontziente batean egin nahi dute aurrera OinHerritik. “Eskolak eragile bat gehiago izan beharko luke, herriratu egin beharko litzateke. Etorkizuneko euskal eskola ingurunean eta herrian txertatu behar da”.

Saioaren amaieran, entzuleen galderen txanda izan zen. Ondorio baikorrekin amaitu zen Amasako kultur etxeko solasaldia. “Aldaketak posible direla sinestu eta aurrera egin behar da. Denek egin dezakegu ekarpena”.

Kilometroak Astea

Gaur, urriak 2, bertsoek leku berezia izango dute. Izan ere, 18:00etatik aurrera, Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena egingo da Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. 

19:00etan hasita,bertso saioa izango da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika, eta Angel Mari Peñagarikano ariko dira bertsotan. Amaia Agirre izango da gai-jartzailea. 

Bertso saiorako sarrerak www.kilometroak.eus helbidean, Zizurkilgo Iriarte Etxean eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu daitezke. Sarreren prezioa 10 eurokoa da. 



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!