Eskaintzak

"Kontsumo bonoak oso lagungarriak izan dira"

Sara Medrano 2020ko abe. 8a, 08:25

Nerea Eizmendiri elkarrizketa, pandemiak merkataritzan izan duen eraginaz.

Esperientzia handia duzue, ibilbide luzea... horrelakorik pasa zitekeela imajinatzen al zenuten?

Guk  koronabirus hitza ez dugu ezagutu. Akaso, gure aiton-amonek horrelako zerbait bizi izango zuten baina egoera hau pasa zitekeenik ez dut uste inork espero zuenik. Esango nuke gaur egun ere koronabirus hitza handi geratu dela egoera eta alor guztietan.   

Zer da egoera honetan zailena, ziurgabetasuna agian?

Dudarik gabe ezjakintasuna  ez da batere samurra. Denontzat berria denez, beldurra sorrarazten digu eta ez dakigu, ez ekonomikoki eta ez gainontzeko arloetan nola jokatu behar dugun.

Konfinamentuak zertan eragin dizue gehienbat? 

Lehen konfinamentuak textilean izan zuen eraginik handiena. Neguko generoa amaitzen eta udaberria eta udarako generoa jasota genuen jada, kaxa guztiak ateratzeko prest.

Eta nolakoa izan zen itzulera? 

Egia esan, harrera ona izan genuen. Haurren arropak izugarrizko arrakasta izan zuen itxialdiaren ostean. Gainontzekoekin, kirola egiteko ohitura areagotu denez, kirol arropan izan da salmenten gorakada. Horrez gain, gabonetako kanpaina textil munduan oso garrantzitsua izaten da, eta badakigu jendeak kontsumituko duela. Ezjakintasun honetan bada erosketak egitera aurreratu denik ere. 

Armategiari dagokionez, zer diozu?

Kalterik handiena arlo horretan izan dugu, dudarik gabe. Ehiza garaia orain izaten da eta asko kanpora joan ohi da. Egun ezarrita dauden neurriekin, herritik irten ezinik, salmenta hori asko jaitsi zaigu. 

Zuen bezeroa ohikoa da ala aldatu egin dela esango zenuke?

Erosteko moduan eta kontzientziazioan eman da aldaketa. Bestela, nahiko bezero fidela dugu. Bestalde, kontsumo bonoak oso lagungarriak izan direla esan nahi dut. Herritik ez ateratze horrek bailarako jendeak bertan kontsumitzea ekarri du.

Erosleen artean zein sentsazio nabari duzue?

Jendea ez dago hasierako beldur horrekin. Denok ere, ezinezkoa ikusten dugu erabateko konfinamendu horretara itzultzea. Baina batek daki, aurten dena izaten ari da hain berezia. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!