Presoen aldeko manifestazioa izan da arratsaldean Aiztondo mailan

Aiurri 2021ko urt. 9a, 19:33

700 lagunetik gora bildu dira Aiztondo mailan Sarek antolatutako manifestazioan. Helburu orokorra "etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egitea" dela adierazi dute.

Sarek antolatuta, manifestazioa izan da arratsaldean presoen eskubideen alde. Zizurkilgo Eroski supermerkatu paretik abiatu da manifestazioa, traktoreak bidea irekitzen joan direlarik. Bidean zehar talde ezberdinak batzen joan dira, hala nola asteasuarrak, adunarrak, mendizaleak, gaztetxekoak, motxiladun umeak, preso ohiak edota herriko elkarte ezberdinak. Villabonan eman diote amaiera manifestazioari, Arroako plazan. Plaza erdian gezi baten itxurako mosaikoa osatu dute kandelen laguntzaz eta argazkia atera dute.

Hauxe da amaieran irakurri duten oharra:

Geziak bete, hustu espetxeak

Beste behin Aiztondoko herritarrek agerian utzi duzue zuen mobilizazio gaitasuna eta elkartasunarekiko konproisioa, bejondeizuela! 

Zorionak bailarako herri desberdinetan antolakuntza lanetan aritu zareten guztioi. Aurten Bilboko La Casilla gabe, baino sekulako irudia lortu duzue Arroako plazan.

Bidea gara lelopean irten gara kalera, bakoitza bere ideiekin baino bide beraren baitan: etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean. Pozgarria da azken urteotan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, entzunez eta hitz eginez elkar ulertzeko gai izatea.

Herri gisa aurrera egiteko gogoa agerian utzi dugu, baina horretarako salbuespen espetxe politika honekin amaitzea behar beharrezkoa da. Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak, etengabe zigortzen dituen dispertsio politika aldatu gabe.

Itxaropen bide berriak zabaldu dira azken urte eta hilabeteetan, baldintzapeko askatasunak, presoen lekualdatze eta gerturatzeek edo gradu progresioaren baitan emandako aurrerapausuek jarrera aldaketa ematen ari dela pentsatzera garamate. Baina argi esan nahi dugu: ez da nahikoa!

Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badagoelako zer ibili eta gu garelako bidea egiteko berme bakarra. Sei eskari ekarri nahi ditugu gaur plaza honetara:

  1. Euskal preso guztien euskal herriratzea, senideei ezarritako zigor erantsiarekin amaitzeko.
  2. Euskal preso guztien gradu progresioa ahalbidetzea.
  3. Larriki preso daudenen etxeratzea.
  4. Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea.
  5. Gurasoak espetxean dituzten motxiladun haurrek haiekin etxean bizitzeko duten eskubidea errespetatzea.
  6. Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean.

Oinarrizko eskakizunak dira horiek. Gaur beste pausu bat eman dugu herriz herri milaka pertsona batuz, guztiak nahi beraren baitan: etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egitea.

Mila esker denei eta zorionak!

Nekane, Emilio, Oskar, Iñigo, Karlos, Manex eta beste guztiak etxean nahi ditugu!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!