EkonoVID

"Gure bezeroen %70-80a Villabonatik kanpokoak dira"

Aiurri 2021ko urt. 15a, 09:00

Villabonan kokatzen den Boutique MP dendara eskualdeko herritar ugari etortzen dira arropa erostera. Familia negozioa da, eta arduradunetako bat den Leire Loinazek azaldu duenez, "eguneroko salmenten ia erdia Instagrametik etorri da".

Gaurtik aurrera ezingo da Villabonatik atera ezta eskualdekoak etorri ere. Nola eragingo dizue neurri horrek?
Izugarri eragingo digu. Bigarren olatuan, eskualdeko herritarrak etor zitezkeen. Oraingoan ez, eta izugarri eragingo digu. Gure bezeroen %70-80a Villabonatik kanpokoak dira. Ondorioz, aurreikusten dugu salmentak izugarri jaitsiko zaizkigula.

Uda izaten da ezkontza garai oparoena, eta aurtengoan zeremonia ugari atzeratu dira. Uda gogorra izan da, eta urte hasiera ez dator lasaiagoa...
Ospakizunetarako arropa oso geldirik dago. Gonbidatu gutxiko ezkontzak izan dira, eta hasi ginen pixkanaka saltzen. Irailetik aurrera geldirik egon da, eta oraingoz badirudi ezkontzak ez direla egongo. Aurreko urtean, adibidez, irailean jaunartzeak izan ziren. Jendeak azken momentura arte itxaron zuen, ez genekielako ospatzerik egongo ziren edo ez. Ospakizunak direnean jendea etortzen da eta erosten du.

Sare sozialetan egunero ari zarete arropa berriak erakusten. WhatsApp-ez edota Instagrametik zuekin harremanetan jartzeko aukera egongo da bidalketak egiteko?
Bai, horrekin beti lan egiten dugu. Horrek lagundu digu urtea aurrera ateratzen. Bigarren olatuan, egia esan, eguneroko salmenten ia erdia Instagrametik etorri da, eta oraingoan ere horrela izatea espero dugu.

Izan ere, jendearen erosteko ohitura aldarazi du herrian geratu beharrak.
Bai. Izugarri aldatu da. Bezero batek, esaterako, amari oparia erosi nahi dio eta ezin du dendara etorri. Argazkiak bidali dizkiot eta horrela iritsiko zaio eskaria. 

Bezeroen aldetik beraz, erantzuna ona izaten ari da.
Bai. Harrera ona izan dugu. Beldurra genuen konfinamendu ondoren, eta itxiera perimetralaren ondorengo neurriak amaitzean, jendearen harrera oso ona izan da. Alde horretatik oso gustura gaude.

Gogorarazterik bai bezeroei nola jar daitezkeen zuekin harremanetan?
Facebook eta Instagram sare sozialetan aurki gaitzakete eta WhatsApp bidez erantzungo dugu ondorengo telefonotik: 655 71 50 87. Gustura asko argituko dizkiegu bezeroei dituzten zalantzak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!