EkonoVID

"Beharragatik sare sozialetara jo dut, alternatiba bila"

Sara Medrano 2021ko urt. 16a, 09:00

Villabonako Kale Nagusian aurkitzen da Kanela arropa denda eta Garazi Aranburu da bertako arduraduna. Konfinamentu perimetralak ekar ditzakeen eta pandemiak izan dituen ondorioez jardun da elkarrizketa honetan.

Itxialdi perimetrala ezarri da Villabonan, nola uste duzu eragingo duela horrek zure negozioan?

Pentsatzen dut eragin handia izango duela itxialdi perimetrala ezartzeak, azken finean herria itxita geratzen da eta ez du aukerarik ematen inguruko herritarrak gurera etortzeko. Bestela ere egoera ez dago momenturik onenean eta honek noski, ez du laguntzen. Azkenean Aduna, Asteasu, Zizurkil… ingurukoak gurera etortzeko ohitura handia dute eta orain aukera hori ez egoteak asko baldintzatuko dute gure salmenta. 

Duela egun batzuk ere, tabernak ixteko agindua eman zen. Nabari duzu jende gutxiago dabilela herrian?

Zentzu guztietan eragiten du horrek eta asko nabaritu da, herria tristeago ikusten da orain. Aurreko itxialdiaren ondoren berriz irikitzeko agindua eman zutenean, nabaritu zen jendea beste animo batzuekin zebilela eta horrek komertzioan asko eragiten du, ea oraingoak noiz arte irauten duen. 

Gabonetatik gaur arte, gorabehera handiak izan dira. Nola hasi duzu urtea?

Gabonetara begiratuz, ohituak gauden gabonen itxurarik ez dute izan, oso ezberdin joan da dena. Bonoen kanpaina hori oso lagungarria izan da orokorrean, jendeak erosketak aurreratzeko aprobetxatu du. Bonoak gabonen aurretik ateratzea, gabonetan mugimendua gutxitzea ekarri du. Jendea ez da azken momentuan ibili urtero gertatzen den bezala. Aurten bonoekin batera egin dira erosketak eta lasaiagoak izan dira gabonak, geldialdi bat bezala egon da. Horren ostean beti izaten da hutsune handia eta aurten zer esanik ez, oso gogorra egingo zaigu eta beldurra ematen dit. Azkenean, neurriak egun batetik bestera aldatzeak dendariei ez digu on egiten, pausu bat ematen uzten digutenean, segidan lau atzerantz egiten baititugu.

2020. urtea ez da xamurra izan, eta 2021. urtea nolakoa izango dela iruditzen zaizu?

Egia esan ez da xamurra izan, baina hala ere esperantza hori oraindik mantentzen dugula esango nuke. Ea gauzek pixkanaka-pixkanaka hobera egiten duten, baina egoerak okerrera egingo ote duen beldur naiz. Agian urtearen amaierarako aldaketa bat ikusiko dugu, baina bitartean orain datozen hilabete hauek ez dira errazak izango. 

Sare sozial, dei edo mezu bidezko salmentak izan ziren alternatiba konfinamentuan. Zure kasua izan daiteke?

Lehen konfinamentuan ez nuen horrelako aukerarik eman. Instagrama sare sozialarekin hastea konfinamenduaren eragina izan da, alternatiba baten bila. Ez naiz zalea baina beharrak bultzatuta eta momentuak eskatuta sortzea erabaki nuen. Azkenean jendeak hortik galdetzeko ohitura izan ohi du eta saltzeko aukera bat izan zitekeela jabetu nintzen. Oso lagungarria da jendearengana iristeko. 

Bezeroak beraz nola jarri daitezke zurekin harremanetan? 

Telefonoz 943 09 34 12 zenbakira deituta eta Instagram sare sozialean @kanela_moda_billabona izenez daukadan kontuan kontaktatu dezakete nirekin. Gustura hartuko zaituztet. 



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!