2021eko udal aurrekontuak aurkeztu ditu Amasa-Villabonako udal gobernuak

Aiurri 2021ko urt. 28a, 14:48
Ezkerrean Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta bere ondoan Xabat Laborde zinegotzia.

2021. urterako Amasa-Villabonako Udal Gobernuak onartu duen aurrekontua 6.859.326 eurokoa da. Oro har, igoera eman da Gizarte Zerbitzuetan, Kulturan, Zerbitzu Orokorretan, Hezkuntzan eta Ingurumenean; murrizketak, berriz, udal gobernuaren gastuetan eta Udaltzaingoan.

Eguerdian egin dute 2021eko udal aurrekontuen balorazioa, eta bertan izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Laborde alkateordea eta EH Bilduko zinegotzia. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "ezin dugu pandemiaren eboluzioarekin gertatu daitekeenaren zain egon eta udalak politika aktibo eta eraginkorrak garatu behar ditu, ikuspuntu aurrerakoi batetik".

Honela banatu da 6.859.326 euroko aurrekontua:

  • Pertsonal gastua: 2.425.039,60 euro.
  • Udal Zerbitzu Orokorrak: 2.661.501,80 euro.
  • Dirulaguntzak eta ekarpenak: 923.496,48 euro.
  • Inbertsioak: 646.588,12 euro.
  • Finantza gastuak: 202.700 euro.

Udalaren lehentasun nagusiak, Amasa-Villabonako herritarren ongizatea bermatzea, giza eskubideak errespeta daitezen pertsona guztien oinarrizko beharrizanak asetzea eta herriko ekonomia suspertzea direla azaldu du du alkateak. Eta ondorioz, "udalak bere baliabide eta tresna guztiak herritarren ongizatearen eta herriko jarduera ekonomikoa laguntzearen mesedetara bideratu behar dituela pentsatzen dugu".

Azken urteetan izandako gastu maila mantentzeko eta gastu murrizketak egin beharra saihesteko, 575.000 euro inguruko mailegua eskatu beharra aurreikusten du udalak; modu horretan, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen den finantziazioaren beherakada konpentsatzeko.

Aldaketa nagusiak Gastu Arruntean
Aurrekontuan igoera izango duten sailak dira Gizarte Zerbitzuak, Kultura, Zerbitzu Orokorrak, Hezkuntza eta Ingurumena. Hirigintzarako, Euskararako eta Kirolerako berdin mantentzen da aurrekontua; eta murrizketak, berriz, udal gobernuaren gastuetan eta Udaltzaingoan emango dira.

Gizarte Zerbitzuen sailari dagokionean, %7,6ko igoera emango da. Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialak pertsonen oinarrizko beharrizanak areagotuko dituela aurreikusita, Gizarte Larrialdietararako bideratutako dirua %32an igo du udal gobernuak, eta Covid-19ak eragindako egoerei erantzuteko ez-ohiko laguntza lerroa jarriko du martxan. "Aipagarria da 2019ko udal aurrekontuarekin alderatuta, 2021eko aurrekontuetan %39ko igoera izan duela sailak. Horrek nik uste nahiko agerian uzten duela udal gobernuak herritarren ongizatearekin duen konpromisoa", esan du Labordek.

Kulturan gehiago inbertituko da, zehazki, %7,4 gehiago; eta ohiko kultur ekintzetara bideratutako aurrekontuak %10eko igoera izan du. Alkateordeak gehitu du "ezinbestekoa" dela kultur sektoreari bultzada ematea, eta herritarrei kultur programazio zabala eskaintzen jarraitzea.

Ingurumen sailean, igoera %15,5eko izango da, eta igoera hori hondakinen kudeaketaren garestitzearen ondorioz izan dela azaldu dute. Bestalde, diru partida berriak sortuko direla aipatu du Labordek, hala nola errekak garbitzeko, Amasamendiko mantenu lanak egiteko edo larre komunaletarako. Hezkuntzaren kasuan, %24,3an igo da bertarako aurrekontua.

Berdin mantentzen dira Hiringintza, Euskara eta Kirol saila. Sail horietako teknikariekin elkarlanean osatu dira aurrekontuak, teknikariek mahai gainean jarritako proposamenak jasoz.

Murrizketen kasuan, aurrekontuen gutxitzea emango da udal gobernuaren gastuetan eta Udaltzaingoan. "Udal gobernuari dagokionez bigarren urtez jarraian gastuak murriztuko dira, orotara %10,5 murriztuko dira alkatetzari loturiko gastuak. Aipatzekoa da iaz %26ko murrizketa egin zela aholkularitzan, dietetan edota protokolo gastuetan", azaldu du. Bertan ez dira kontutan hartzen alkatzetzako politikoen soldatak. Udaltzaingoari dagokionez, %11,23ko gastu murrizketa egin da, eta Udaltzaingotik bertatik etorritako proposamena izan da.

Dirulaguntzen atalari dagokionean, %3,7an igo da udalak herriko elkarteei ematen dizkien dirulaguntzen aurrekontua, eta azalpena Labordek eman du:  "Ez dugu murrizketarik egin nahi izan, garrantzi handia ematen diogulako kultur eta kirol elkarteek aisialdi mailan egiten duten lanari, eta hori bultzatzen jarraitu behar dugula iruditzen zaigulako".

Inbertsioen banaketa
Inbertsioetarako 646.588,12 euroko aurrekontua onartu dela jakinda, honela banatu da inbertsioen atala:

Hirigintza eta zerbitzuak

  • Hirigintza Plan Orokorraren berrikuspena: 50.000 euro.
  • Hirigintza sailerako proiektuen erredakzioak: 25.000 euro.
  • Etxebizitza politika berria: 10.000 euro.
  • Espaloiak eta asfaltatze lanak: 50.000 euro.
  • Amasako oinezko bideko lanak: 10.000 euro.
  • Komun publiko berriak: 40.000 euro.
  • Hiri altzarien erosketa: 10.000 euro.
  • Irisgarritasun planeko ekintzak: 5.000 euro.
  • Malkar plazako parkearen lurra berritzea: 13.000 euro.
  • Sacemgo eskailera eta bizilerroa teilatuan: 24.000 euro.
  • Kale Nagusia 38 zenbakiko konponketak: 1.000 euro.
  • Sacemgo lokaletarako apalak erostea: 5.500 euro.
  • Olaederra kiroldegiko ohiko konponketak: 16.000 euro.
  • Kale garbitzaileentzako bi karro berri erostea: 2.500 euro.

Ingurumena eta mendiak

  • Energia Planeko inbertsioak: 50.000 euro.
  • Agaraitz industriguneko ur zikinak araztegira konektatzeko proiektua: 9.680 euro.
  • Ur zikinak eta euri urak bereizteko obrak: 6.000 euro.
  • Amasamendiko guneen mantenurako tresnak erostea: 2.000 euro.

Hezkuntza eta kirola

  • Olaederra kiroldegiko teilatuen birmoldaketa: 164.130 euro (Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza lortzen saiatuko da udala).
  • Fleming Herri Eskolarako inbertsioak eta obrak: 70.000 euro.
  • Seaska haur eskolako berogailua: 12.000 euro.

Kultura

  • Gurea zinemako konponketak: 25.000 euro.
  • Udal liburutegia eraberritu eta modernizatzeko azterketa: 15.000 euro.
  • Udal liburutegirako DVD eta liburu berriak: 11.000 euro.

Besteak

  • Udalbatzak grabatzeko sistemaren bigarren fasea ezartzea (bideo-aktak): 2.500 euro.
  • Komunikaziorako inbertsioak: 1.500 euro.
  • Informatika inbertsioak: 5.000 euro.
  • Artxiborako altzariak: 2.000 euro.
  • Kale Hezitzaileentzat materiala erostea: 500 euro.
  • Udal jabetzako tabernetarako etxetresnak: 1.500 euro.
  • Udal brigadaren kamioiaren leasing-a: 8.778,12 euro.

Oposizioaren lanaren balorazioa
Ondorengo testua irakurri du alkateak oposizioaren jarrera baloratuz:

Aurtengo aurrekontuek duten garrantzi berezia kontuan hartuta, ez genuen espero oposizioko alderdiek izan duten jarrera eta ekarpen eraikitzaileak edo proposamenak egiteko erakutsi duten borondate falta. Gobernutik sekula baino erraztasun gehiago eskaini nahi izan dizkiogu oposizioari, aurrekontu proposamena aztertzeko eta beren ekarpenak egiteko. Aipatu nahi dugu abenduaren 10etik urtarrilaren 4ra arteko epea eman zaiela alkatetzari proposamenak aurkezteko.

Aipagarria iruditzen zaigu oposizioko alderdi nagusia den EAJ_PNVk proposamen bakar bat ere aurkeztu ez izana. Hori ez dator bat EAJko ordezkariek behin eta berriz aipatzen duten oposizio eraikitzaile egitearekin. Gure ustez, eraikitzailea izateko eta elkarlanean aritzeko ezinbestekoa da ekarpenak egitea edo proposamenak mahai gainean jartzea. Ezertxo ere ez egitea eta gero bozketan abstentziora jotzea ez zaigu jokabide eraikitzailea iruditzen.

PSEko ordezkariari dagokionez, esan behar dugu bere jokabideak zur eta lur utzi gaituela. Aipatzekoa da epearen barruan proposamen batzuk helarazi zizkigula, eta horietako bi aurrekontuan txertatzea erabaki dugula. Ondorioz, urtarrilaren 19an izandako udaleko Ogasun Batzordean aurrekontuen aldeko bozka eman zuen. Ez dakigu ordutik zer gertatu den, baina denon harridurarako, Osoko Bilkuran kontrako bozka eman zuen "alderdi arrazoiak" argudiatuta. Alegia, badirudi PSEk "debekatuta" duela EH Bilduko udal gobernu batek aurkeztutako aurrekontuei babesa ematea, nahiz eta aurrekontu horiekin ados egon. Arija andreak herritarren ongizatean pentsatu beharrean alderdi interesak lehenesten dituela egiaztatu dugu eta hori penagarria iruditzen zaigu.

Parte-hartze prozesua
Aurtengoan ere, parte-hartze prozesua martxan jarriko dela aipatu du Beatriz Unzue alkateak. Horretarako, 2020an geratutako gerakina zenbatekoa den kalkulatu behar dute, "eta horren arabera herritarrek dituzten proiektuak aurkeztu eta herritarren eskura jarriko da prozesu guztia". Parte-hartzeko xehetasunak oposizioko alderdiekin zehaztu ostean, informazioa zabalduko dutela gehitu du Labordek.

Amaitzeko, hiru elkarteetatik jaso zituztela mezuak gehitu nahi izan du Labordek eta "elkarte horien ekarpenak ere kontutan hartu direla 2021eko aurrekontua osatzerakoan". Norbanako batzuek ere egin dituztela proposamenak, eta guztiei emango zaiela erantzula idatziz azpimarratu du. Eskerrak eman nahi izan dizkie ekarpenak egiteko denbora hartu duten elkarte eta herritarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!