"Dakiguna egiten lagunduko dugu: garagardoa eginez"

Sara Medrano 2021ko mar. 18a, 07:46
Beertokik martxoan abiarazi zuen, ekimen berria. ©Beertoki

Beertoki ekimenak garagardo berria aurkeztu du, eta bertatik ateratako irabazia ostalaritzari laguntzeko bideratuko dute: "Gure laguntzaileak laguntzeko garaia da. Ateratzen dugun irabazi guztia gure laguntzaileei laguntzeko izango da, gehienak ostalariak"

Hirugarren garagardo artisaua aurkeztu berri duzue sareetan. Nondik dator ideia?

Beti egin izan dugun modura, garagardoa musikarekin eta kulturarekin erlazionatu izan dugu. Oraingo honetan, Monty Python artista taldearen “Always look on the bright side of life” abestia hartu dugu aintzat. Euskaraz, “bizitzaren alde onari begiraiozu beti” esan nahi du. Mezu positiboa da, eta egoera zail honetan gure mezua ere positiboa izatea nahi genuen. La vida de Brian filmaren amaiera aldera abesti hori kantatzen ari direla, ageri dira aktoreak. Ostalarien oraingo egoera islatzen duela esango genuke; gurutziltzatuta dagoen sektorea da, baina abesteko gogoz daude.  

Noiz hasi zineten prozesuarekin lanean? Nola egin duzue lan?

Cervezas Brew and Roll ekimenarekin elkarlanean izan da, aspalditik baikenuen haiekin lan egiteko gogoa. Beertokitik antolatu ditugun azoka guztietan egon dira, eta oso harreman estua mantentzen dugu beraiekin. Abenduan ekin genion, eta pixkanaka-pixkanaka gauzak lotzen eta egiten joan gara. 

Aurreko ekimenek izandako arrakasta ikusita, zenbat litro ekoiztea ausartu zarete oraingoan?

Egoerak pixka bat mugatu gaitu, ostalaritzaren egoera ikusita eta mugikortasunaren mugak kontutan hartuta. Beraz, ez ditugu litro asko egin jakinda gure herrian eta inguruan soilik mugituko den garagardoa izango zelako. 500 litro inguru merkaturatu ditugu.

Zappa eta Kazalis elkarren artean ere ezberdinak ziren. Honek ere izango du berezitasunen bat, noski. 

Bai hori da, orain artean egin ditugun hiru garagardoak ezberdinak izan dira. Lehenengoa Zappa izan zen eta lehengo garai bateko IPAren itxura hartu zuen, hau da, “Old School IPA” esango genuke. Gero Kazalisekin, India Pale Larger (IPL) estilokoa atera genuen eta azken honekin aldiz, Lager estiloko garagardoa egitea erabaki dugu. Estilo nahiko arrunta da, arina eta edateko erraza. Hartzaile zabal batengana errazago iritsi nahi izan dugu eta estilo horretako garagardoak artisau modura egin daitezkela erakutsi nahi izan dugu. 

Ateratzen diren irabaziak, zuen laguntzaileei laguntzeko izango dela adierazi duzue.

Bai, garagardo berria egitearen ideia bultzada horretatik atera zen. Gure laguntzaileak laguntzeko garaia dela iruditzen zitzaigun, orain arte azoka finantzatu duten laguntzaileak gehienbat ostalariak zirelako. Gogor sufritzen ari den sektorea da. Badakigu ekimen honekin irabazitakoak ez duela ezer soluzionatuko, ez duela inondik inora pandemiak sortutako zuloa estaliko, baina elkartasun keinu bat eduki nahi izan dugu. Egoera honetan ere elkarlanean jarraitu behar dugu, bata bestea zaintzen, herria zaintzen, bertakoa herrian kontsumituz eta herriari bizia ematen. Ildo horretatik abiatu da gure asmoa. Ateratako irabazi guztia orain artean gu finantziatu gaituzten laguntzaileen artean banatuko dugu. 

Lastima handiz, baina aurtengo honetan ere Beertoki Azokarik gabe geratu behar gara. Zuen garagardoa dastatu nahi duenak, non topatu dezake?

Pena handiz, baina aurten ere ez da azokarik izango. Hala ere, espero dugu datorren urtean normaltasun osoz egin ahal izatea. Beraz, gure garagardoa gehienbat Villabonako tabernetan eskuratu daiteke: Errota Txiki, Iru aldeta, Obaba, Txurrut, Urrizpe, Itzalpe, Kinpira, Xiker, Rbote, Iratzar, Amasa, Apatx eta Rainbow tabernetan. Inguruko herrietan adibidez, Anoetan Alkartasuna jatetxean,Tolosako Ama eta 1990 tabernetan eta Donostiko Hopa Beer Dendan. 

Horrez gain, sare-sozialetan azaldu dugun bezala, etxerako sortak saltzen ditugu; 12 lata garagardo 36 eurotan. Eskari honen nondik norakoak sare-sozialetan azaldu ditugu eta eskaria egiten duten guztiek Villabonako ostalaritzari bultzada bat emango diote. Beraz, anima zaitezte eta aldi berean, garagardo on batez disfrutatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!