Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da

Aiurri 2021ko mar. 24a, 18:10

Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMAko) kide izango da udaberrian, mankomunitateko 89. udalerria izango delarik.

Martxoaren 30eko Udalbatzaren osoko bilkuran Amasa-Villabonako herria Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabakiko da. Bertan, UEMAko estatutuak onartuko dira, eta mankomunitateari Amasa-Villabona herria onartzeko eskaera formala luzatuko zaio. Guzti honek, euskararen normalizazio lanean Udalaren lana indartzea ekarriko duela aipatu dute udaleko ordezkariek. 

Udalak herritarrei erabaki honen berri emateko, AMAVI udal aldizkarian ale berezi bat argitaratu du eta aste honetan banatuko da herriko etxe guztietan. Horrez gain, bideo bat ere kaleratu dute UEMAren nondik norakoak eta Amasa-Villabonan euskararen egoera zein den herritarrei azaltzeko.

Maiatzaren 29an UEMAren Batzar Nagusia izango da Amasa-Villabonako Gurea Antzokian. Bertan, ofizialki onartuko du UEMAk Amasa-Villabona mankomunitateko kide gisa, eta horrela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 89. udalerria izango da maiatzetik aurrera. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!