T3T / T2T lasterketak

"Buruak fisikoak baino garrantzi handiagoa hartzen du"

Sara Medrano 2021ko eka. 8a, 15:30

Sufritzea lasterketaren parte dela dio Mikel Puga billabonatarrak, baina hala ere, disfrutatzeko asmoz doa hirugarren aldiz Tolosako 2 Tontorren mendi lasterketara.

Beti izan zara kirolaria?

Beti egin izan du zerbait, ez naiz inoiz geldirik egon. Lehen futbolean aritzen nintzen eta futbola utzi nuenean geldialdi bat egin nuen. Asfaltoan egin nituen lehen pausuak korrika, asko gustatu zitzaidan baina gerora asko sufritzen hasi nintzen. Jarraian mendian ibiltzen hasi eta hemen inguruko mendi ibilaldietan parte hartzea erabaki nuen. Handik aurrera, oinez eginiko ibilbideak korrika egiten hasi eta pixkanaka lehiaketetan parte hartzera ausartu nintzen. Politak dira, eta gainera errazagoa da buruan helburu finko bat edukita entrenatzea. 

T2Tn hirugarren aldia izango duzu aurtengoa. Zer espero duzu?

Disfrutatzea. Normalean erloju gabe ateratzen naiz, helburu zehatzik gabe. Ondo legoke hiru ordu azpitik iristea, noski, baina hori ikusiko da. Ibilbidean zehar gustura joan nahiko nuke, lasterketaren parte da sufrimendua eta horrekin ere disfrutatzen saiatuko naiz.

Prestaketa berezirik egiten al duzu lasterketen aurretik?

Egia esan ez daukat inolako entrenamendu zehatzik. Astean gutxienez saiatzen naiz bi edo hiru aldiz mendira joaten. Hala ere, edozein kirolekin uztartzea gustuko dut, bai bizikeltan, bai gimnasioan… kirol ezberdinak nahastea ondo etortzen zait, beti entrenamendu berdina egin gabe.

Horrelako lasterketa bat egiteko, zer iruditzen zaizu ezinbestekoa?

Lehen urduri jartzen den horietakoa nintzen, bezperan lorik egin gabe egotekoa, baina denborarekin ikasi dut lasaiago eramaten. Bakoitzak norbere buruan erronka batzuk jartzen ditu, nik lehen gehiago jartzen nituen, orain beste modu batera hartzen dut dena. Azken batean, kirola disfrutatzeko da. Mentalki prest egon behar duzu, buruak fisikoak baino garrantzi handiagoa hartzen baitu horrelako lasterketetan, nire ustetan behintzat.

Egitea gustatuko litzaizukeen karrerarik?

Zegama-Aizkorri bat, zergatik ez. Hiru-lau aldiz eman dut izena zozketarako baina ez dut zorterik izan. Asko gustatuko litzaidake, baina batek daki tokatuz gero ere zer egingo nukeen, lasterketa horrek prestakuntza handia eskatzen baitu. Menorkako lasterketa ere gustatuko litzaidake egitea, beti buruan izan dudan lasterketa baita. Irla guztiari buelta ematen dio eta polita izango zen hori egitea. 

T2T lasterketa ere oso gogoko dut eta sortzen den giroa izugarria da. Nabaritzen da oso mendizaleak garela euskaldunok, ibilbidean zehar jendea ikusten baita eta ez soilik helmugan. Horrek egiten du polita lasterketa hau.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!