Eserialdia egingo dute ekainaren 26an Amasa-Villabonan, Zelaraini elkartasuna adierazteko

Aiurri 2021ko eka. 17a, 07:29

13/13 sumarioaren baitan, zortzi euskal herritar epaituko dituzte uztailaren 12tik aurrera Auzitegi Nazionalean. Tartean da Julen Zelarain billabonatarra. Atzokoan agerraldi jendetsua egin zuten errebote plazan, sumarioa kritikatu eta Zelaraini elkartasuna adierazteko.

ADIERAZPENA

13/13 sarekada ahalbideratu zuen operazio poliziala eman zenetik hamaika urte bete dira. Hamarnaka euskal herritarren etxeak eta bulegoak hankaz gora jarri, goitik behera miatu eta atxilo inkomunikatu zituzten; bost egunez galdekatu eta haietako hainbatek tortura larriak jasan zituzten; Entzutegi Nazionalak hamahiru inputatu zituen.

Zortzi dira datorren uztailaren 12an Espainiako Entzutegi Nazionalean auziperatu gisara epaituak izango direnak: Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Juan Mari Jauregi eta Julen Zelarain amasa-villabonatarra. Fiskaltzak denontzat 77 espetxe urte eskatu ditu.

Operazio poliziala testuinguru politiko oso zehatzean gertatu zen: Ezker Abertzalea bete-betean zebilen konfrontazio armatutik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten, beti ere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea bilatzen zelarik. Bultzada politikoa izan zuten hainbat polizi operazioetako bat izan zen hura.

Euskal preso politikoen afera konponbiderantz norabidetzeko harreman zuzena eta bete-beteko lana behar zirela gauza jakina zen. Auziperatuak, modu aktiboan murgildurik zebiltzan Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktiboa izan zedin.

Hor kokatu behar da operazio poliziala, asmo horiek zapuzteko saiakera gisa. Operazio hartan estatu espainoleko estolda aparatuek noraino iristeko prest ziren erakutsi zuten: babes legalik gabeko CNIaren inplikazioarekin, frogen manipulazioarekin, oinarrizko eskubideen urraketekin, tratu txar eta torturekin.

Hamaika urte geroago esan dezakegu Kolektiboaren ekarpena erabakigarria izan dela egungo agertokira iristeko. Inor gutxik jar lezake zalantzan bere erabakitasuna eta ekarpena, bide horretan etengabeko zangotrabatzea jasaten ari den arren.

Baina hamaika urte geroago, zoritxarrez, gatazkaren ondorio ugarik konponbiderik gabe jarraitzen dute, denboran luzatzen eta lokazten, sufrimendua eta samina eragiten. Atxiloketak, auziak, kondenak eta espetxeratzeak. Eta estrategia honen guztiaren ardatza Entzutegi Nazionalean oinarritzen da, berak segitzen baitu izaten iraganari kateatuta eusteko salbuespenezko tresna. Egoera politiko berriarekiko elementu deformatzaile eta baldintzatzaile izateko xede garbiarekin. Garaiko “ezpata hotsak” egungo “toga hotsak”.

Hamaika gertaera izan da auziperatuen aurkako operaziaz geroztik: hamaika urte hain justu ETAren ekintza armatuak eten zirela. Bost urte, ETAk bere jardun osoa amaitzea erabaki zuela. Artean, euskal jendartean gatazkaren ondorioen eremuan urratsak aurreratzen joan dira. Herriraren aurkako epaiketa ere egin zen, babes sozio-politiko zabalarekin eta auziperatu guztiontzat irtenbidea lortuz.

13/13 auzia testuinguru honetan dator: denboraz eta lekuz kanpo seguru, inoiz denbora eta leku barnean egoterik baluke. Presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia da; gatazkaren ondorioak, guztiak, argitu eta orbainak ondo isten saiatzeko denbora da, auzi politikoari oinarritik heltzeko unea da; euskal gizarteari, askatasunari, demokraziari aukera berriak irekitzeko etapan gaude; euskal jendarteak behar duen elkarbizitza demokratikoaren esparrura irits gaitezen.

Hori dela eta, gaur hemen elkartu garen pertsonok Amasa-Villabonako zein eskualdeko herritarrak auzibide hau salatzera eta Julen Zelarain herritarrari elkartasuna adieraztera deitzen zaituztegu. Horretarako, ekainaren 26ean eguerdiko 12:00etan Malkar plazan elkartuta eta Kale Berrian zehar burutuko dugun eserialdian parte hartzera animatzen ditugu herritar guztiak.

IrtenBidera, Demokrazia, Etorkizuna

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!