"Aiztondoren zirtotsa" lanaren aurkezpena

Aiurri 2021ko uzt. 16a, 15:57
XDZ egilearen argazkia

Atzo, arratsaldean izan zen Aiztondoren zirtotsa lanaren nondik-norakoak ezagutzeko ekimena. Mikel Artola arduratu zen Amasa-Villabonako Subijana etxean amaitutako lanaren xehetasunak emateaz.

 

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideek amaitu dute lana; Aiztondoren zirtotsa izeneko hori, iaz Mintzolak eta Kilometroek esleitutako Pello Mari Otaño bekaren emaitza da.

Harituz-eko kideek; Belat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizaba, Jauregik eskuratu zuten beka, eta urtebete izan dute proposamena gorpuzteko. 

Zirtoaren deskribapenarekin eta ikasprozesuan non kokatuko luketen azaltzen hasi ziren: "Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi izan du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena da."

Lana burutzeko, informazioa iturri nagusia liburuak izan direla aipatu zuten, izan ere, jende helduarekin elkartzeko aukera ez dute izan gaur egungo testuingurua dela eta. Bideoak osatu dituzte Aiztondo bailaran jasotako zirto historiko horiekin, eta baita, egileek sortutakoekin ere. Bideo horiek, erabilera didaktikorako eskuragarri jarriko dituzte www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan. Aipatzekoa da, ikasgeletan jada hasi direla lehen probak egiten, zehazki, bideo horiek baliatuta ikasleak zirtoak sortzen jarri dira. 

Gainera, Goiekorriko ahozko ondarea ikertzeko saridunak zein diren iragartzeko baliatu zuten ekimena. Iazko emaitza ikusirik, bigarren deialdiarekin jarraipena eman nahian. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!