Distopia elektrotxaranga talde berria

Irune Alfonso 2021ko uzt. 23a, 09:06

Irati Iturbe, Kepa Otegi eta Markel Pita Distopia elektrotxarangako kideak dira. Musika proposamen berria da, herriko kaleak eta festazaleak animatu asmoz. Kideen artean eskualdeko kide asko dago.

Nondik nora abiatu zen elektrotxaranga sortzeko ideia?

Kepa Otegi: Manex taldekideak eta biok haurtzarotik genuen taldea osatzeko ametsa. Musika ikasten ari gara elkarrekin eta arratsalde batean taldea sortu behar genuela erabaki genuen. Baina azkenean egitasmoa ez zen aurrera atera. Orain, jendea sartzen hasi da eta taldea sortu dugu.

Zergatik elektrotxaranga?

K.O.: Zerbait desberdina sortu nahi genuen. Hemen, inguruan, ez zegoen elektrotxarangarik eta ikusita Santiotan sortzen den giroa, eredu hori hartu eta guk ere egin genezakeela iruditzen zitzaigun.

Zein helbururekin sortu da taldea?

K.O.: Lagun artean sortu da. Zazpi-zortzi herri ezberdinetakoak elkartu gara, denok ilusio berdinarekin. Larunbatero elkartzen gara, ondo pasa eta disfrutatzeko. Ingurukoek disfrutatzen badute eta une ona pasaraztea lortuko bagenu, helburua beteta egongo litzateke.

Helburuak aipatu dituzu, zeintzuk dira epe motz eta epe luzerako dituzun helburuak?

Irati Iturbe: Oraingoz horrela jarraitzea, eta ahal dugun kontzertu gehien ematea...

Markel Pita: Izena zabaltzea, hasiera batean hemen, eta gero kanpoaldean izen hori zabaltzea lortuko bagenu hobe.

K.O.: Epe motzean finantziazioa lortu beharko genuke, gure material propioa erosteko aukera izateko. Gurdi lanak egiteko karrotxoa nahiko genuke.

Etorkizuna irudikatzen duzue?

K.O.: Ingurukoen artean giroa sortzea oso polita izango litzateke.

I.I.: Ilusio horrekin ari gara.

Hamaika taldekide zarete. Nola moldatzen zarete?

M.P.: Oso ondo. Astero ensaiatzeak harremana sakontzea dakar. Entseguekin eta afaritxoekin harreman estuagoak sortzen dira.

I.I.: Hamaika izateko arazo gutxi sortu dira. Toki itxian, txikian eta estuan arazoak ez sortzea harritzekoa da.

K.O.: Erabakiak hartzeko orduan, hasieratik hitz egin genuen guztiak garela taldearen parte eta denon arteko adostasun batera iritsi behar garela. Talde barruan beti daude liderrak baina azkenean denon erabakiak dira 

I.I.: Denok parte hartzen saiatzen gara, eta horretan asko laguntzen du komunikazioak.

Nola banatzen dituzue ardurak?

M.P.: Partekatua da. Kontzertuak ondoko herrietan edo gure herrietan direnez, ahoz-aho lortzen eta lotzen ditugu.

Kantuen aukeraketa nola egiten duzue?

K.O.: Denon artean kantuak proposatu eta batzuk aurrera ateratzen dira. Adostasunarekin jokatzen dugu. Ez dugu partituren gainean jotzen. Meritu dezente dugu, kantuak jotzen belarriz eta doinua hartuta aritzen baikara.

I.I.: Youtuben kantua behin eta berriz entzun, ensaiatu eta aurrera egiten dugu.

M.P.: Batzuk hobeto moldatzen dira beste batzuk baino. Elkar laguntzen gara.

Pandemia dela eta, kalejira baino gehiago jendaurreko ekitaldiak dira. Nola daramazue egoera hori?

M.P.: Elektrotxaranga izanik hotza, oso hotza da. Eserita egon beharra, jotzen ditugun kanta horiekin... oso hotza da.

I.I.: Ez dugu era akustikoan jotzen, eta hori nabari da.

K.O.: Orain ezinezkoa da kalean ibiltzen jotzea, eta horregatik kontzertu estiloan jotzea aukeratu genuen. Bestelakoan ez ginelako inoiz hasiko. Kalera ateraz ezkero, motibazioa oso bestelakoa da.

I.I.: Ikuslegoa gosez nabari dugu. Gogoz nabari dugu ikuslea, edozien kantu jo ezkero berehala erantzuten duelako.

M.P.: Hasierako ideia bazen mugituz goazela jotzea, baina egoera ikusita, ideia ona iruditu zaigu kontzertuekin abiatzea.

Kalez kale joz ez bada ere, harrera ona izan duzue.

I.I.: Bai, harrituta gaude.

K.O.: Villabonan ez genuen inondik inora horrelako harrerarik espero. Poz handia izan zen guretzat.

Nola sentitzen dituzue festak? edo zer dira zuentzat festak?

M.P.: Nahi eta ezinean.

K.O.: Eguneko festa da niretzat. Gauekoa parrandarekin erlazionatzen dut gehiago. Herri giro hori galdu egiten da, eta gaur egun zer esanik ez. Erabat ahaztu da hori.

Hazitxoa erein duzue….

I.I.: Jendearengan grin hori sortzen ari gara. Orain izena zabaltzen ari gara, eta gure formatuan aritzeko aukera sortzen denean prest egongo gara.

Taldekideen artean hiru emakumezkoak zarete.

I.I.: Normaltasun osoz bizi dugu hori. Adibidez, baxujolea neska izate, ez da askotan ikusten. Horrek asko motibatzen nau, ikusleek jotzen ari dena neska dela ikustea. Aukera berria izan daiteke beste pertsona batentzat. Animatu daitezela, eta gal dezatela beldurra.

K.O.: Zalantzan dagoen pertsona batentzat erreferentea izan daiteke. Agian, bere buruari ateak ixten dizkio, eta posible dela ikus dezake.

Aurten Santiorik ez da egongo, ilusioa egiten dizute aurreago bertan parte hartzeak?

M.P.: Santio festetako egitarau barruan jotzeak izugarria litzateke. Herrikoa izanik, gazte egun batean jotzea sekulakoa izango litzateke.

K.O.: Beti irudikatu izan dugu hori, herrikideen aurrean giroa jartzea…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!