"Identitatearekin errotuta dago kultura"

Irune Alfonso 2021ko uzt. 24a, 09:12

Garazi Otaegi eta Aiora Escudero musikaria eta dantzaria kulturaz jarduteko elkartu ditu Aiurrik

Garazi Otaegi Lasarte 23 urteko asteasuarra da, Neomak musika taldeko kidea. Aiora Escudero Mendizabal 22 urteko andoaindarra da, Hika datza konpainiako kidea. Kulturaz hitz egiteko elkartu ditugu biak.

Zer da zuentzako kultura?

Garazi Otaegi: Identitatearen zati handia. Kulturarik gabe ez ginateke garena izango.

Aiora Escudero: Horrez gain, komunikatzeko balio dit: sentimenduak, ekintzak, modu batean ala bestean, barruan gertatzen zaidan guztia komunikatzeko tresna da.

Nola eragiten du zuen bizitzan?

G.O.: Oso presente dagoen esparrua da.Hizkuntza bera, kulturaren parte da, eta lehen esan dudan bezala, identitatearekin errotuta dagoen elementua da.

A.E.: Haurtzaroan gehiago lotzen nuen hizkuntza eta ezagupenarekin. Gero, guk barruan dugunarekin; dantza, musika...

Zer da zuentzako musika eta dantza egitea?

G.O.: Egunero nago abesten edo ideiaren bat lantzen. Buruan ditut egunean zehar gertatu edo ikusten ditudan gertaerak, eta momentu horretan melodia jakin bat etortzen zait eta lanari ekiten diot. Eguneroko elementu oso baliotsua da. Alai egoteko balio duena, pozik eta indarra ematen didana, baina, aldi berean, hausnartzeko tresna da.

A.E.: Momentuaren arabera gauza desberdinak ematen dizkit. Momentu batean nire barruan gertatzen dena ateratzeko tresna izan daiteke, beste momentu batean ikasteko eta nire burua garatzeko erabiltzen dut. Dantzatzen dudanean  egunerokotasunean ateratzen ez den Aiora hori ateratzen da.

Orduan eragiten du zuen sentimenduetan…

A.E.: Erabat. Dantzatzen hasten zarenean modu batean zaude, eta amaitzerakoan beste modu batean, guztiz desberdina.

G.O.: Askotan ez duzu ezertarako gogorik, baina, heltzen diozunean beste sentsazio batekin geratzen zara.

A.E.: Asetzen zaitu. Hustu egiten zara, barruan duzun guztia kanporatzen duzu, askatuta.

Eta ezingo bazenute egiten duzuen hori egin?

A.E.: Momentu honetan belaunean lesioa daukat, eta oso urte txarra igaro dut. Emanaldi berria eta ezin dantzatu ibili naiz. Ebakuntza ere atzeratu dut. Dantza egitea beharra da niretzat. Ezin dut dantza nire bizitzatik kendu.Beste modu batean bizi beharko nuke.

G.O.: Oso gogorra. Egokitu egin beharko genuke, baina ez dut imajinatu ere egin nahi musikarik gabeko bizimodua. Izugarrizko talka litzateke.

Zuen proiektu berriak azalduko dizkiguzue?

A.E.: Gazte izena du proiektuak. Oinkari dantza taldean aspalditik nago, eta Hika teatroarekin sortu den harreman horretatik proiektu berria abiarazi dugu. Gaztetasunaren inguruan dihardu.

Ikuskizunak konforme ez dagoenaren haria jarraitzen du, eta dantza, mugimendu, espresio eta hitzen bidez komunikatzen gara. Gure buruhausteak kontatzen ditugu, gure esperientziak, hain justu; hamar dantzari gara eta hamar dantzari horien barne-borroka horietatik sortu da gazte izatearen ikuspuntua. Biluzte prozesua izan da.

G.O.: Kontzertu baterako deitu ziguten eta lagun batzuk elkartu ginen. Bi urte geldirik generamatzan azken proiektua amaitu zenetik. Deitu zigutenean entsaiatzen hasi ginen eta kontzertua jo. Ondoren, Nafarroako trikitixa jaialdirako deitu ziguten, eta entsegu horietan hitz egin genuen zerbait faltan somatzen genuela. Horrela sortu da Neomak.

Izen berezia. Esanahi zehatzik badu?

G.O.: Gure historia egin genuen. Ilargi berriak esan nahi du grekeraz. Gure eraberritze prozesua da, zazpirok gure artean egindakoa. Eta hori kaleratu nahi genuen, guk sortutako proiektua baita.

Nola daramatzazue egoera? Ikusleak eserita, mugitu ezinik...

G.O.: Guk nahiago dugu ikuslea eserita egotea. Musikariok egiten dugun lana balorean jartzeko balio du.

A.E.: Guri aurkakoa gertatzen zaigu. Gure ikuskizunak plazan izaten dira, eta plazan ikusi nahi gaituenak ikusiko gaitu. Sarrerarik ez duenak ez gaitu ikusiko. Sagartu ikuskizunean 100 ikuslerekin hasi eta 200 lagunekin amaitzen genuen. Orain ez dago hori. Gainera, musukoarekin ez ditugu aurpegiak ikusten. Euren espresioa falta zaigu.

Kultura mailan zerbait faltan somatzen duzue?

A.E.: Ekitaldi gehiago.

G.O.: Aukerak ematea. Udale presente izan behar duten puntua da. Aukera anitza dago eta inguruan dauden gazteei bideak ireki behar zaizkie.

A.E.: Ikusle bezala ere, jasotzeko gogoz gaude. Sortzen diren egitasmo txikiak ikustarazi behar ditugu.

Zein aholku emango zeniokete zuek bezala dantzan edo musikan bidea egin nahi duen gazteei?

A.E.: Egin nahi badu, egin dezala. Modu asko daude. Bideoak egin eta Youtubera igo tzea, adibidez.

G.O.: Ez dago modu egokirik hasteko. Bilatu zuri ondoen doakizuna, eta aurrera egin. 

Familiaren babesa garrantzitsua da?

G.O.: Nire ibilbidea ikusita funtsezkoa izan da. Garraioagatik bakarrik beharrezkoa. Asko eskertzen dut euren laguntza eta babesa.

A.E.: Erabat baldintzatzen du. Askatasuna ematen dizu.

Aukera ezazue kanta bat.

A.E.: With our with out you (U2 taldearena) Aitak dantza entseguetara ekartzerakoan topera jartzen zidana da.

G.O.: Ederlezi, Balcan Paradise orkestraren bertsioan. Kantua motela da, baina indarra transmititzen du.

Dantza; soltean edo lagunarekin?

Biak: Dena (barreak).

Kalimotxoa edo garagardoa?

Biak: Zerbeza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!