"Kanpainak beharrezkoak dira jendeak benetan ikus dezan nolako eragina duen indarkeria matxistak"

Irune Alfonso 2021ko uzt. 25a, 08:46

Susana Carretero Viera Lurgatz taldeko kidea da.

Amasa-Villabonan indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako kanpaina abiatu da. Azalduko al zenuke zertan datzan?

Kanpaina beharrezkoa da jendea ezjakintasun batean bizi delako. Dirudienez, jendea oraindik ez da kontziente. 13 urte pasa dira Nagore Laffage Iruñan erail zutenetik eta gauzak ez dira aldatu, okerrera joan dira. Horregatik, horrelako kanpainak beharrezkoak dira jendeak benetan ikus dezan nolako eragina duen indarkeria matxistak. 

Lagungarria izango dela iruditzen zaizue?

Bai. Ez dakit zenbateraino, baina, pausu bat da. Erakundeetatik datorren momentutik, jendeak kontutan hartzen du. 

Gazteen artean garai bateko jarrera matxistak errepikatzen ari direla esaten da…

Azkeneko hamarkada honetan gauzak aldatu direla dirudi, baina, ez dira batere aldatu. Oraingo eraso matxistak, oraingo moduak, agian, desberdinak dira;  lehenagokoekin alderatuta era sutilagoan ematen direlako. Baina badira. Ez dira gutxitu, handitu egin direla esango nuke. 

Desinformazioa aipatu izan da maiz. Berriki etxez etxe eskuorria banatu da.

Desinformazioa baino, gehiegizko infomazioa dagoela iruditzen zait. Gizarteak izpiritu kritikoa galtzera bideratzen gaitu. Gaur egun; inork ez du bertsio ofiziala zalantzan jartzen eta denok errepikatzen dugu hedabideetatik jasotzen edo esaten dena pentsatu gabe. Indibidualki hitz egiten duzunean, kontzientzia hori ikusi dezakezu, baina, orokorrean, kontzientzia hori lo egongo balitz bezala dago. 

 Horrelako kanpainekin etxeko buzoira iristeak pisu handia du. Jende askok hartu eta begiratuko duela iruditzen zait. Ez dakit kontzientziak asko aldatuko diren, baina, zerbait bai.

Trafiko seinaleak edota pegatinak ipiniko dira herriko merkatalguneetan. Ilusio berezia egiten dizue hauen aldeko ekintzaileoi?

Orain esango dudana erabat pertsonala da. Ilusioa ez, nik amorrua sentitzen dut herriko sarreran horrelako kartelak jarri behar izateak.  Horrek berezkoa izan beharko lukelako. Ikustaraztea beharrezkoa iruditzen zait, herriko sarreretan horrelako elementuak ikusgarriak izaten direlako. Hala ere, eraginkortasuna galduko du horren atzean ez badago lan eraginkorrik. Azkenean “postureoa” bakarrik izango litzatekeelako. Txapa jarri eta kitto. Konpromisoa hartu behar da, bestela ez goaz inora.

Lurgatzetik hainbat ekintza martxan jarri dituzue prebentzio eta erantzun moduan; tabernetako protokola, etxerainoko laguntza...

Horrelako ekimenekin, emakumeon arteko beharra agerian geratzen da. Emakumeok emakumeekin babestuta egon nahi eta egon behar dugu.

Etxera laguntzearena, nerabeek eskatu zuten gehienbat.  16-20 urte bitartekoak dira. Gure babesarekin eroso sentitzen dira. Azkenean, laguntza eman nahi dugun emakumeak besterik ez gara. 

Askotan erasotzailea ezaguna izaten da, zer gertatzen da orduan? 

Ekintza puntual hauen atzetik lanketa sakona egin behar da. Ozen esan dezakegu erasotzaileak ingurukoak direla, baina, hala ere, buruan betiko erasotzailea dugu: gizon gaizto, itsusia eta izkutuan dagoena.  Eta hori aldatu eta kudeatzeko modu bakarra, ekintzen atzetik lan eraginkorra egitea da. 

Hori gertatzen denean zer jarrera ikusten duzue herritarrengan? 

Erasoa bertan denean giro txarra sortzen da. Zizurkilen izugarrizko tentsioa sortu zen. Kontzentrazio askotan egon naiz, baina, nire taldekideak gehiagotan egon dira, eta eurek aipatzen zidaten, lehenengo aldia zela kontzentrazio batean ondokoarekin hitz egiten ez zutela sortutako tentsioarengatik. Gauzak bertan ematen direnean, asko aldatzen dira gauzak.

Etorkizunari begira zer asmo duzue?

Gure helburua hasieratik formakuntza izan da. Gu formatu ondoren herritarrak formatzeko. Udaletxeak hasi behar duen kanpaina ikusirik,  gustatuko litzaiguke hurrengo urtean, behin eta berriz errepikatzea. Mezu horiek behin eta berriz errepikatu beharko lirateke jendeak barneratu ditzan. Udaletxeak hasiko duen lan honen jarraipenean parte hartu nahi dugu, bai. 

Atzera bueltarik ez izateko.

Hasiera-hasieratik erakutsi diogu gure lanerako prestutasuna udalari, baina, egoera honengatik ez gara lanean hasi.  Ekintza hauen atzetik egin behar den beharrezko lan hori etenik gabeko elkarlanean izan beharko luke. Hilean behin bildu, edo behintzat jarraipena eman. Protokoloarena beti egon da gure helburuetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!